Albistea entzun

Euskaltelen kontrola hartu du Zegonak, kontseilari ordezkari berriarekin

Jose Miguel Garcia izango da arduradun berria, eta Eamonn O'Hare Zegonako burua kontseiluan sartu da. Virgin marka erabili nahi dute Espainiara hedatzeko
Euskaltel taldeko bi buruzagi nagusiak, atzo: Jose Miguel Garcia Fernandez kontseilari ordezkaria eta Alberto Garcia Erauzkin presidentea.
Euskaltel taldeko bi buruzagi nagusiak, atzo: Jose Miguel Garcia Fernandez kontseilari ordezkaria eta Alberto Garcia Erauzkin presidentea. DOMI ALONSO Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2019ko ekainak 6

Zegonak ez du denbora galdu. Euskaltelen akziodun nagusi bilakatu eta bi hilabetera, euskal telekomunikazio konpainiaren kontrola eskuratu du. Britainia Handiko funtsak konpainia gidatzeko hautatutako gizona, Jose Miguel Garcia Fernandez, Euskalteleko kontseilari ordezkari izendatu zuen atzo administrazio kontseiluak. Gainera, Eamonn O'Hare Zegonako burua kontseiluan sartu du. Funtsaren asmoa da beste norabide bat ematea Euskalteli: urratsez urrats inguruko eskualdeetan zabaldu beharrean, Espainia erdialdera eta hegoaldera ere iritsi nahi du, Virgin markaren bitartez —Zegonako buruak Erresuma Batuko enpresa hartan aritutakoak dira—.

Euskaltelek agiri baten bidez zabaldu duenez, «aho batez» izendatu dute Garcia. «Taldearen iraunkortasuneko, hazkundeko eta balio sorrerako estrategiaren lider izateko profesional egokia da», dio agiriak. Halaber, esaten du Francisco Artetxe oraingo kontseilari ordezkariaren «kontratu harremana amaitzea» erabaki duela, eta eskerrak eman dizkio azken hiru urteetan konpainia zuzentzeagatik, «ongi zuzendu ere».

Ikusteko dago orain zer gertatuko den Euskalteleko presidentearekin, Alberto Garcia Erauzkinekin. Kargu exekutiboa izan da berea 2011n Jose Antonio Ardanza ordezkatu zuenetik, baina aukeretako bat da aurrerantzean lehendakaritza sinbolikoagoa izatea. Euskaltelek zabaldutako agirian «kontseilari exekutiboa» izendatu dute Erauzkin.

2017an sartu zen Zegona Euskaltelen akziodun taldean. Asturiasko Telecable enpresaren jabea zen Zegona, eta Euskalteli saltzea onartu zuen. Trukean, dirua eta Derioko enpresaren akzioen %15 jaso zituen, eta urtebetez kopuru hori ez aldatzeko konpromisoa hartu zuen. Baina Euskaltel Zegonaren inbertsio bakarra da, eta, jarritako diruari etekin gehiago atera nahi ziola argudiatuta —balioaren laurdena galdu du 2015ean burtsaratu zenetik—, urrian jakinarazi zuen konpainiaren kontrola hartu nahi zuela. Akzioak erosteko eskaintza baten bidez saiatu zen lehenik, baina, garestiegi izango zitzaiola ikusita, estrategia aldatu eta burtsan akzioak erosten hastea hobetsi zuen.

Lehen helburua apirilean lortu zuen, akziodun nagusi bilakatu baitzen (%20,94), Kutxabanken aurretik (%19,88). Gainera, beste akziodun batzuen babesa zuela-eta akzioak erosten jarraituko zuela iradoki zuen.

Erosketak kezka sortu zuen Euskal Herriko hainbat sektoreren artean, erabakigunea urruntzeak inbertsio eta enplegu galera ekar zezakeelakoan. Enpresaren errotzea bermatze aldera, akzioak erosteko aukera mahairatu zuten orduan Jaurlaritzak eta BBK fundazioak, baina ez da halakorik gertatu, eta, Zegonako arduradunekin hitz egin ondoren, errotzeari buruzko kezkarik ez zuela adierazi zuen Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko sailburuak, maiatzean.

Jarrera hori salatuko du gaur EH Bilduk, Eusko Legebiltzarrean, eta akzioak erosteko eskatuko dio.

Gasteizko gobernuaren ekinaldiz sortu zen Euskaltel, 1995. urtean. BBKren, Kutxaren eta Vital Kutxaren finantza laguntza izan zuen operazio horretarako. Aurrezki kutxak eta haien ondorengoa, Kutxabank, Euskaltelen %60en jabe ere izan ziren. Azken urteetan, baina, Kutxabank akzioak saltzen aritu da, enpresa ez daukalako estrategikotzat, eta EBZ Europako Banku Zentralaren arauek zigortu egiten dutelako bankuek industria enpresen parte hartzeak izatea —kapitala gordetzera behartzen ditu—.

Iaztik, Nafarroan ere bai

Garcia Erauzkinen eta Artetxeren gidaritzapean, Euskaltel bere hasierako eremutik zabaldu da, hau da, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik. 2015. urtean, Galiziako R Cable telefono konpainia erosi zuen, eta 2016an, Asturiasko Telecable. Iberiar penintsulako iparraldeko kable bidezko operadore nagusia izateko helburuarekin, iaz Nafarroan hasi zen zerbitzuak eskaintzen, eta aurten, Leonen, Kantabrian, Errioxan eta Katalunian.

Zegonak helburu handinahiagoak ditu: uste du Espainiako merkatu osoan badagoela bosgarren aktore batentzako lekua, eta Virgin marka erabili nahi du hedapenerako. Virgin Phone 1999. urtean eratu zen, eta dozena bat herrialdetara hedatu da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Uganda-Nairobi-Mombasa trenbidea, Txinako diruarekin finantzatua, Nairobiko parke nazionaletik pasatzen. ©Daniel Irungu / EFE

Afrika itotzen duen zorra

Iker Aranburu

Mendearen hasieran behera egin ondoren, Afrikaren zorrak gora egin du atzera, interes tasa apalen eta mailegatzaile berrien eskutik. Orain, baina, interesak handitzen ari dira, diru beharrak ez dira desagertu, eta Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeen erdiek arazoak dituzte zorrari aurre egiteko.

Etxebizitzak salmentan eta alokairuan Iruñeko Alde Zaharrean ©Iñigo Uriz (Foku)

Hipoteka izoztu ahalko dute Kutxabankeko bezero «zaurgarrienek»

Jokin Sagarzazu

Finantza erakundeak bat egin du Espainiako Gobernuaren Praktika Onen Kodearekin. Interes tasen igoeragatik, hipotekaren zenbatekoa orain berrikusi behar dutenek batez beste 200 eurotik gorako igoera izango dute hilero.

Macron, atzo, Albaniako hiriburuan. ©Malton Dibra / EFE

Macron: «Fikzioa dira argindar mozketak»

Berria

Argindar mozketei buruzko eztabaida beroa hoztu nahi du Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak.

Ibilgailuak, A63 autobidean, artxiboko irudi batean. ©Guillaume Fauveau

Frantziako Gobernuak 100 euroren laguntza emango die autoa lanerako behar dutenei

Iker Aranburu

Abenduaren 31n amaituko da erregaiaren hamar zentimoko deskontu orokorra, eta hortik aurrera langile apalenentzat izango da laguntza. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.