AEBetako finantza krisiari aurre egiteko salbamendu plan handia proposatu du George Bush presidentearen Gobernuak: funtsean, 700.000 milioi dolar jartzea goitik behera amiltzen ari den finantza merkatua bere onera ekarrarazteko.
Oraingoz, ordea, aurrera egin ezinik dago Bushen proposamena, errepublikanoen arteko ezadostasunak direla-eta. Gobernuko ordezkariek, AEBetako presidentziarako bi hautagaiek -Barack Obama demokratak eta John McCain errepublikanoek- eta bi alderdi nagusi horietako Kongresuko buruzagiek bilera egin dute bart (atzo arratsaldea AEBetan), eta hasieran oinarrizko adostasunetara iritsi baziren ere, Kongresuko ordezkari errepublikanoek eragotzi egin dute salbamendu plana bere horrretan onartzea.
Zenbait senadore eta kongresuko ordezkari errepublikanok argudiatu dute plan hori zehazgabeegia dela finantza krisia konpontzeko, eta herritarren bizkar uzten duela konponketa. Demokratek John McCain hautagaiaren "taldetxoko" ordezkari errepublikanoei leporatu diete plana trabatzea, hauteskunde interesez ari direla iradokiz.
Izan ere, Bushen plana zaila da iritzi publikoan ondo txertatzeko, herritar askok uste baitute banku eta finantza talde handietako buruek sortutako egoera euren bizkar konpondu nahi dela. Horren kontra eginez, zenbait errepublikano boto bila ari direla iritzi diote demokratek.
Ekonomia
Bushen salbamendu plana aurrera egin ezinik errepublikanoen arteko ezadostasunengatik
McCaini eta haren aldekoei leporatu diete demokratek plana oztopatzea. Finantza merkatuak bere onera itzularazteko eta krisiari aurre egiteko Gobernuak 700.000 milioi dolar jartzea aurreikusten du Bushek proposatutako planak. Gaur jarraituko dute negoziazioekin aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu