Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean adierazi duenez, "Kutxabankek abiatutako prozesu batean entitateak berak parte ez hartzeko erabakia" dela-eta onetsi du akusazio gisa aurkeztea: "Ezin da irregulartasunik ezkutatu, ezta auzia isilarazi eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jarduten jarraitu ere".
Diputazioaren ustez, Kutxabank akusazio gisa ez aurkezteak "ikerketa oztopatzea" du helburu, eta "antzeko kasuak" gerta daitezen saihesteko, Kutxabanken "kontrol publikoa eta izera soziala" beharrezkotzat jo ditu.
Martxoan, zortzi gizarte eragile aurkeztu ziren akusazio gisa: LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak, EKA kontsumitzaileen elkartea, Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak eta AHT Gelditu Elkarlana.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan zen Mikel Cabieces, eta, kargua utzi ondoren, Kutxabankek 243.000 euro ordaindu zizkion, ustez. Mario Fernandez zen, orduan, bankuko zuzendaria. Fernandezek berak aitortu zuen Cabiecesi "irteera profesionala" bilatzeko eskatu ziola "PPko buruzagi batek", eta abokatuen bulego batekin kontratu bat sinatzea lortu zuen. ETAren aurkako borrokan aritutakoei, karguak uztean, laguntzeko "lege idatzi gabe bat" dagoela esanaz arrazoitu zuen tratua Kutxabankeko buru zenak.