Bostongo tranbiarako 24 bagoi eraikitzeko kontratua lortu eta bi astera, beste bat lan handi bat lortzeko aukera handiak ditu CAFek, Eskozian. Hango trenbideen kudeatzaileak, ScotRailek, Sercori adjudikatu dio Caledonian Sleeper trenaren kudeaketa. Sercok azaldu du CAFek egingo dizkiola tren berriak, 2018rako, 125 milioi euroren truke. Beasaingo enpresak ez du kontratua baieztatu nahi izan, artean kontratua ez dagoelako sinatuta, eta erortzeko arriskua egon badagoelako.
Caledonia Sleeper Londres eta Eskoziako hainbat hiri lotzen dituen trena da. Gauero bi tren abiatzen dira Ingalaterrako hiriburuko Eusten geltokitik; bata Edinburgora iristen da, eta han zatitu egiten da, Inverness, Fort William eta Aberdeenera joateko; bestea Eskozia hegoaldean zatitzen da, Edinburgora eta Glasgowera iritsi ahal izateko.
Sercoreren arabera, 72 bagoi beharko ditu, eta Beacon Raili alokatuko dizkio. Mitsubishiren filial hori arduratuko litzateke, hortaz, CAFi trenak eskatzeaz. Luxuzko trenak izango dira, Caledonian Sleeper «Eskozia harro egin behar duen kalitate handiko zerbitzu moderno» bat izan behar duelako, Sercoren arabera. 15 urterako lortu du kontratua, 2015eko apiriletik aurrera.
CAFek egindakoak dira Edinburgoko tranbiak. Atzerapen askoren ondoren, larunbat honetan hasiko dira martxan. Ingalaterran, berriz, Birminghameko tranbia edo Londres eta Heathrow aireportua lotzen dituen trenak egin zituen Siemensekin batera.
Astelehenen honetan datozen urteotako lan ituna onartu dute CAFeko langileek, gehiengo handiz.