Urteko kontratu garrantzitsuenetako bat lortu du CAFek, Txilen. Santiago hiriburuko metroarentzat 185 tren egiteko lehiaketa irabazi du Beasaingo bagoi egileak, Frantziako Thales sistema elektronikoen enpresarekin batera. 330 milioi euro jasoko dituzte CAFek eta Thalek, trenak egiteagatik ez ezik, baita material horri mantenua egitearen truke ere.
Bost lehiakide aurkeztu ziren Santiagoko metroaren hedapena lortzeko lehiaketara: CAF-Thalesez gain, Hyundai-Ansaldo, Hitachi-Mitsubishi, Alston eta Siemens. CAF-Thalesek eskaintza onena aurkeztu zuela nabarmendu du Santiagoko Metroko agintaritzak, eta teknikoki ere onena zela ziurtatu du.
Linea berri horiek milioi bat bidaiari potentzial izango dituzte, eta 28 geltoki eraikiko dituzte. Aurretik ere Santiagoko metroa hornitu izan du CAFek.
Eraginkortasun energetikoa
Santiagoko metroak nabarmendu du CAFen eskaintzaren alderdirik interesgarrienetakoa eraginkortasun energetikoa dela: «Tren bakoitzak 260 bidaiari eraman ahal izango ditu. Orain baino bidaiari gehiago eramango ditugu, energia gutxiago gastatuta», azaldu du Santiagoko metroak. Egun martxan dabiltzan trenekin alderatuta, %40ko aurrezpen energetikoa izango da.
Tren berriek aire girotua, «munduko gidatze automatiko sistema modernoena» eta bidaiariak zaintza kamarak izango dituzte, besteak beste.
CAFek 185 tren egingo ditu Txileko Santiagoko metrorako
Frantziako Thales enpresarekin batera, Txileko hiriburuko 3. eta 6. lineetarako trenak egingo ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu