«CAF bere bezeroen eskakizunei erantzuten ari da; haiek tren britainiarrak nahi dituzte, langile britainiarrek eginak, hornitzaile britainiarrak erabiliz». Richard Garner Erresuma Batuko CAFen zuzendariaren adierazpenek argi erakusten dute Beasaingo (Gipuzkoa) tren konpainiaren xedea. CAFek lantegi bat izango du Newporten, Galesen, han trenak egiteak aukera gehiago zabalduko dizkiolako Erresuma Batuko hainbat adjudikazio lortzeko. Azkenean, Garnerrek esan duenez, «CAFen aspaldiko xedea da Erresuma Batuko merkatuko jokalari nagusietakoa izatea».
Lehiaketa asko ditu ikusmiran CAFek Erresuma Batuan: Londresko Metrorako trenak —aurrekalifikazioa jada eskuratu du—; Docklands trenbide arinekoak; lehen fasean Londres eta Birmingham lotuko dituen abiadura handiko HS2 linearako trenak; eta baita Wales and Borders, West Midlands eta South Eastern trenbideetarako lizitazioak ere.
Bezero posibleez gain, CAFekbaditu jada hainbat bezero han, eta, tartean, orain gutxi lortu dituen zenbait esleipen: besteak beste, Arriva Rail North Limited konpainiarentzat 43 tren elektriko eta 55 diesel treneko flotak egiteko lana; First Groupentzat 66 bidaiari kotxe eta bost kotxeko hamabi unitate fabrikatzea; Eskozia eta Londres arteko linearako 75 kotxe Caledonian Sleeper frankiziarentzat. Herenegun bertan azaldu zuen CAFek ingeniaritza arloko BWB aholkularitza enpresa erosi duela.
46.000 metro koadro
Lan horiek guztiak egiteko Erresuma Batuan lantegi berria behar zuela ikusita, hura non kokatu erabaki behar zuen CAFek,eta, ehun leku posible aztertu ostean, atzo jakinarazi zuen Newporten alde egin duela. Gales hego-ekialdeko hiri horrek aise betetzen ditu eskakizunak. Horrela, Newporteko Celtic Business Parkek, kokapen geografiko egoki-egokia izateaz gain, lotura du trenbide sarearekin; tokiko eskulanaren kualifikazioa ere gogoan izan du CAFek.
Lantegi berriak 46.000 metro koadroko lursaila hartuko du, eta berrehun langile inguru izango ditu fabrika abian jartzen denean, hurrengo urteko udazkenean. 2019rako, 300 behargineraino handituko litzateke lantaldea.
CAFek egingo duen 32 milioi euroko inbertsioa goraipatu du Carwyn Jonesek, Galesko lehen ministroak. «Bultzada handia da herrialdearentzat, eta konfiantza botoa Galesko manufaktura industriarentzat». Galesko gobernuaren programa batetik laguntza «esanguratsua» jaso duCAFek inbertsioa bultzatzeko.
CAFek 300 langileko tren fabrika bat izango du Gales hegoaldean
Newport hiria aukeratu du euskal konpainiak Erresuma Baturako bere trenak fabrikatzeko. 32 milioi euroko inbertsioa egingo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu