Erresuma Batua CAFen negozioaren parte oso garrantzitsu bilakatu da azkenaldian. Iaz, Eskoziako hainbat hiri Londresekin lotzen dituen gaueko trenak hornitzeko kontratua lortu zuen, eta aurtengo urtarrilean, berriz, Ingalaterra iparraldeko hainbat hiri lotzeko trenak egiteko kontratu mardul bat eskuratu zuen. 740 milioi eurorekin, Europan inoiz lortutako kontraturik handiena izan zen.
Horiei batu zaie orain TransPennine linea kudeatzen duen enpresarekin lortutakoa. First Groupentzat egingo dituen trenen truke 310 milioi euro jasoko ditu Gipuzkoako konpainiak. Civity plataformako trenak izango dira horiek ere. "Unitate horiek azken aurrerapen teknologikoak izango dituzte, eskualdeko zerbitzuaren baldintzak hobetzeko, eta frankiziak iraungo duen aldian operadoreekin lankidetzan jardungo du, bidaiarientzat zerbitzuaren kalitate maila onenak lortzeko", azaldu du CAFek, agiri baten bidez.
TransPenninek Manchester lotzen ditu Ingalaterrako iparraldeko hainbat hirirekin (Liverpool, Sheffield, Hull, Leeds, York, Scarborough, Middlesbrough eta Newcastle), eta Eskoziako bi hiri nagusiekin (Edinburgo eta Glasgow).
Ingalaterran kontratu gehiago lortzeko lehian dago Beasaingo konpainia. Aurrekalifikatuta dago Londresko Metrorako lehiaketarako, eta HS2 abiadura handiko linearako hurrengo lizitaziorako interesa duela azaldu du. Linea horrek Londres eta Birmingham hiriak lotuko ditu lehen fasean, eta Europan datozen urteetarako aurrez ikusitako azpiegitura proiektu handienetakoa da.
Munduko beste puntan ere aritzen da CAF. Joan den astean Canberrako metrorako hogei urtez hamalau tranbia hornitzeko eta mantentzeko kontratua formalizatu zuen. Horren bidez 100 milioi eurotik gora jasoko ditu.