Kontratuen zakua betetzen jarraitzen du CAFek. Azken hilabeteotan lortutako 350 milioi euroren kontratuei beste bat gehitu dio, 120 milioi ingurukoa. Oaris modeloko zortzi tren egingo ditu Flytoget AS enpresa publikoaren Airport Express zerbitzuarentzat. Osloko aireportua Norvegiako hiriburuko geltoki nagusiarekin eta Drammen hiriarekin lotuko dute CAFen trenek.
Lau bagoi izango ditu tren bakoitzak. CAFek ziurtatu du energia aurrezteko eta ingurumena errespetatzeko "azken aurrerakuntza teknikoak" izango dituztela trenek, eta mugikortasun mugatuko bezeroentzat prestaturik egongo direla. 2018rako egongo dira prest lehen trenak.
"Norvegian eta Flytogeten bezeroek asko eskatzen dute, eta ziur naiz CAFek esperotakoa beteko duela", adierazi du Flytogeteko buruak, Linda Bernander Silsethek.
Urtarrilaren amaieran, CAFek kontratua lortu zuen Monfort del Cid-Murtzia (Espainia) AHTaren seinalatze eta telekomunikazio lanak egiteko, 155 milioi euroren truke. Eskoziako hainbat hiri Londresekin lotzen dituen Caledonian Sleeper-erako 75 tren egingo ditu Beasaingo enpresak ere, 200 milioi euroan. Herbehereetan, berriz, Utrecht hiriko tranbiarako kontratuaren zati bat eskuratu du CAFek.