Enpresak

CAFek tranbiak egingo ditu Amsterdamerako

Aurten dagoeneko 2.500 milioi euroren kontratuak lortu ditu.

GVB Activa B.V. enpresa publikoarentzat 63 unitate egingo ditu CAFek. BERRIA
Iker Aranburu.
2016ko irailaren 12a
20:33
Entzun

Beasaingo tren konpainiak 63 unitate egingo ditu Amsterdameko garraio publikoa kudeatzen duen GVB Activa B.V. enpresa publikoarentzat. Kontratuak beste 60 tranbia zabaltzeko aukera ere jasotzen du.

Europako gune turistiko eta ekonomiko nagusietako bat da Herbehereetako hirietan handienak, eta tranbia sare zabala du: hamasei linea, 490 geltoki eta 213,3 kilometroko luzera du. Sare horretan dabiltzan tranbietako batzuk CAFek egindakoak dira, 1994. urtean 37 unitate egiteko kontratua irabazi baitzuen Gipuzkoako enpresak.

Konpainiak azaldu duenez, CAFek Amsterdamerako proposatutako tranbiak Urbos plataformakoak dira. "Solairu baxuko ibilgailua da, bi norabidekoa, eta diseinu modernoa azken belaunaldiko ekipamenduekin konbinatzen du. Tranbia berri horiek irisgarritasunik handiena eskaintzen dute, erosotasunari, errendimenduari eta eragiteko eta erraztasunari kalterik eragin gabe. Horrek guztiak agerian uzten du —beste batzuetan bezalaxe— CAFek bezero bakoitzaren behar espezifikoei erantzuteko gaitasuna duela".

CAFen tranbiak, besteak beste, hiri hauetan ibiltzen dira: Budapest, Friburgo, Tallinn, Birmingham, Naoned (Nantes), Besançon, Stockholm, Belgrad, Edinburgo, Antalya, Cagliari, Luxenburgo, Utrecht eta Saint-Etienne.

Inoizko eskaerarik handienak

Oso kontratu mamitsuak lortu ditu aurten CAFek, 2.500 milioi euro ingurukoak. Horiei esker dagoeneko 6.500 milioi eurotik gorako eskarien zorroa du, "oraindik sinatzeko dauden azken kontratuak barne".

Eskaera aldetik inoiz baino hobeto dago Gipuzkoako industria enpresa handiena, baina beste kontu bat da nolako etekina ateratzen dien kontratu horiei. Irabazi tarteak txikitu egin dira sektorean, eta horrek kalte egin die CAFen kontuei. Urteko lehen erdian, esaterako, 13 milioi irabazi ditu, iaz epe horretan baino %54 gutxiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.