Beasain, Irun eta Madrilgo CAFeko langileen %80k babestu zuten atzo zuzendaritzak eta langile batzordeak adostutako lan hitzarmena. Gipuzkoako enpresa handienean —2.700 langile inguru ditu, gehienak Beasainen eta Beste batzuk Irun— lan itunaren alde bozkatu dute 1.058k, kontra 194k, zuriz bozkatu dute 60k eta 3 boto baliogabetzat jo dira.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek babestu dute akordioa, eta 2014 eta 2015 urteetarako balio du. Baina bi urteko ultraaktibitatea dauka, eta, beraz, 2017a amaitu arte luza daiteke. Soldatak KPIaren arabera igotzea onartu dute, erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzeko errelebo kontratuari orain arteko baldintzetan eustea eta lantaldea mantentzea. Aurrerantzean ere 35 orduko lanaldiari eutsiko diote, eta Espainiako lan erreformak ekarritako «atzerapausoei» erantzuteko blindatzea onartu dute.
ELAko ordezkariak pozik agertu dira CAFen lortutako itunarekin. Sindikatuak adierazi du enpresako lan hitzarmenak lortzea dela lan erreformari aurre egiteko tresnarik onena.
Itunak bake soziala bermatuko du Gipuzkoako konpainiarik handienean. 2012ko udazkenean zuzendaritzak 869 langileren kontratua ia bi hilez etetea proposatu zuen, baina atzera egin zuen. Urteotan irabaziak, fakturazioa eta irabazi marjinak gutxitu arren, enpresa errentagarria da CAF.
CAFeko langileek lan itun berria onartu dute
Beharginen %80k babestu dute lan erreformaren kontrako blindatzea jasotzen duen lan hitzarmena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu