CAFen mozkinek txikitzen jarraitzen dute, eskari poltsa inoizko handiena izanda ere

Aurrerantzean irabaziak handitzeko agertoki bat zabaldu dela uste du konpainiak, salmentak igotzen hasi direlako. Altzairuzko tutuekin aritzen diren euskal konpainia nagusien emaitzek, berriz, egoera zaila islatu dute

CAFek AEBetan salduko duen tranbietako bat. CAF.
Xabier Martin-Irune Lasa
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inoizko eskaera zorro handienak ez dio balio CAF Beasaingo trengileari irabazietan benetako jauzi bat egiteko. Gipuzkoako industriaren enpresa handienak errentagarritasunarekin duen arazoa islatu du 2016. urteak: 37 milioi euroren mozkinak lortu ditu, 2015ean baino %13 gutxiago, eta 2011ko 146 milioietatik are urrunago. Zerga aurreko irabazien kopuruari eutsita ere, mozkinen galera hor dago, eta marjinak handitzeko premia argia dauka CAFek.

Urteak hainbat albiste on utzi ditu, ordea, Beasaingo trengilearentzat: 2012tik estreinakoz salmentek gora egin dute. CAFek uste du aurrerantzean zenbakiak hobetzeko modua izango duela. Batetik, salmentak handitu direlako: %3 egin dute gora. 1.318 milioi euroko fakturazioa lortu du konpainiak, eta salmenta guztien%80 inguru atzerriko merkatuetan egin ditu, bere nazioartekotze mailaren erakusgarri. Garai hobeak datozelako beste seinale bat eskaera zorroak dakar: %28 egin dute gora lortutako kontratuek, eta poltsa horrek 6.228 milioi euro balio du gaur egun, inoizko handiena, CAFek ez baitu pasatu 6.000 milioiren marra inoiz ere.

Eta ezin da ahaztu Renferen megakontratua ez zuela lortu CAFek orain hilabete gutxi —Talgok irabazi zuen—, eta Parisko metroko proiektutik kanpo ere geratu dela; baina, hala ere, beste adjudikazio batzuk badauzkala esan dio konpainiak CNMVri, 290 milioiren baliokoak.

Beasaingo trengileak uste du kontratuak lortzeko «aldeko agertoki bat» zabaldu dela, eta azpimarratu du azken kontratuen %60 mendebaldeko Europatik datozela. Horrek badauka garrantzia dibisen trukeari begira. 2015. urtean Brasilgo errealaren debaluazioak CAFen emaitzak zamatu zituen. Eurogunean salduz, ez dago arrisku hori.

TUBACEX

Altzairuaren, eta, beraz, altzairuzko tutuen sektorearentzat historiako urterik txarrena izan da 2016a; hala esan du Tubacex konpainiak. Urtea 507.000 euroko emaitza positiboarekin ixtea lorpena izan da Arabako enpresarentzat, salmentak %7,4 gutxitu ostean, 494 milioi euroraino. Ustiapen emaitza operatiboa (EBITDA) ere txikiagoa izan du, %28,6 jaitsita, 34,9 milioi euroraino. Tubacexek nabarmendu du 13,6 milioi euroko kaxa emaria izan duela, inbertsioak egiteari utzi gabe. Lau urteetan 165,9 milioiko kaxa emaria pilatuta (erosketen aurretik), taldeak dio finantza sendotasuna duela hurrengo hiruzpalau urteetako zor ordainketei aurre egin ahal izateko. 2015. urtean 8,4 milioi euro irabazi zituen Tubacexek, eta 2014an 23,4 milioi.

Petrolioaren prezio txikiak nozitu ditu sektoreak, petrolio konpainiek ez baitute inbertsiorik egin azken urtean, eta, ondorioz, eskaria %25 murriztu zaio enpresari; prezioak ere %15 jaitsi dira. Konpainiak, hala ere, merkatuko kokapena nabarmen hobetu da, Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariaren arabera. Premium produktuetan egindako apustua ondo atera zaio taldeari, haiek baitira eskariaren %80 eta fakturazioaren %70.

TUBOS REUNIDOS

Urteari baikor begiratu nahi dio Tubos Reunidosek ere. Amurrioko konpainiarentzat 2015ean hasi ziren arazoak, 16,1 milioiren galerak pilatu baitzituen. Baina 2016a are okerragoa izan da, «sektorearen krisi gogorrenetako batek» 50 milioiren galera eragin diolako. Salmentak ia %30 gutxitu zaizkio (195 milioi). Aurten irabazietara itzuliko dela espero du, eskaera zorroa duela urtebete baino %69 beteago duelako.

Aurtengo emaitzetan «hartutako erabaki estrategikoek» ere pisua izango dutela dio Arabako enpresak. Horien artean dago ehunka langileren lanaldia laburtu duen enplegua erregulatzeko espediente bat. Aurten erregulazioa ez aplikatu behar izatea «espero» duela esan du Elena Almeida enpresako Estrategia arduradunak, lana handitzen ari delako petrolioaren prezioa garestiagoaren eskutik. AEBetako merkatuaren igoera nabarmendu du Almeidak, eta gogorarazi du han bere posizioa hobetu duela Tubos Reunidosek, Rotary Drilling Tools enpresa erosi baitzuen.

AZCOYEN

2015. urtean lortutako emaitzak nabarmen hobetu ditu Azkoyen taldeak, %54 gehiago irabazi baitu, hots, 11,1 milioi euro eta, irabazi horien ia herena, 3,3 milioi, dibidendutan banatuko du akziodunen artean. Negozio kopurua, orotara, %6 handitu du Azkoyenek 2016an, 134,5 milioi euroraino. Horren zati handiena, 50,7 milioi, teknologia eta segurtasun sistemen alorretik erdietsi du, nahiz eta salmentak %0,2 jaitsi. Aldiz, vending makinen salmentak %6 egin du gora 47,4 milioi euroko fakturazioa iristeraino. Hala ere, Azkoyenen salmentetan gehien hazi dena ordainketa elektronikoen alorra izan da, %16 gehiago saldu baitu, 36,3 milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.