Joan den astean iragarritako berregituraketari zenbakiak jarri dizkio Caixanbankek. Sindikatuei jakinarazi dienez, 8.291 langile kendu nahi ditu. Inoiz Espainiako banku sistemako erakunde batek egindako berregituraketarik bortitzena da hori.
Euskal Herrian presentzia handia du Caixabankek, batez ere Nafarroako Kutxa bereganatu zuenetik —Nafarroan, 840 langile ditu—. Baina, proportzioan, kaleratze gutxiago izango dira Hegoaldeko lau probintzietan, horietan Bankiak ez zuelako sare handirik. Orotara, 135 langile bota nahi ditu bankuak: 66 Nafarroan, 24 Araban, 23 Bizkaian, eta 22 Gipuzkoan.
Bulego sarea ere asko argaldu nahi du Caixabankek: 1.534 hain zuzen ere, gaur egun dituen %27. Pentsatzekoa da portzentaje hori txikiagoa izango dela Euskal Herrian.
Enplegu erregulazioa ez ezik, bankuan geratuko diren langileen baldintzak ere negoziatu ditu Caixabankek. Bankuak ziurtatu du ez duela kaleratze traumatikorik egin nahi, eta erretiro aurreratuekin eta borondatezko uzteekin murriztu nahi duela lan taldea. CCOO da sindikatu nagusia bankuan (bost kide izango ditu negoziazio mahaian).