Cajasol Banca Civica taldean sartzeko negoziatzen ari direla onartu du CANek

Akordiorako oinarriak hitzartu dituzte, eta gauzatuz gero, taldeak 76.000 milioiren aktiboak izango ditu

joxerra senar
Iruñea
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Oraindik ez da erabat ofiziala, baina Nafarroako Kutxak onartu du Cajasol Andaluziako aurrezki kutxarekin negoziatzen ari direla Banca Civica talde barruan sartzeko. CNMV Espainiako Balio Merkatuen Batzordeari igorritako oharrean, hala Banca Civicak nola Cajasolek onartu dute «akordio baterako oinarriak» hitzartu dituztela, baina ukatu egin dute inongo protokolorik sinatu izana. Akordioa gauzatuko balitz, Sevillako aurrezki kutxak 33.000 milioi euroko ekarpena egingo lioke Banca Civicari, eta, hartara, 76.000 milioi euroren aktiboak lituzke taldeak.

Cajasolen mugimendua ulertzeko testuingurua zabalagoa da. Asteon, Banca Civicaren inguruko albiste eta zurrumurruak bata bestearen atzetik etorri dira. Iragan uztailaren 23an, akordioa egin zuen JC Flowersekin, eta egoera zailean diren bankuak erosten espezialista den funts horrek 450 milioi euro inbertitu zituen, akzio bihur daitezkeen bonoen bidez. Aintzat hartu behar da uztailaren 23an bertan, stress testek ondorioztatu zutela hipotesi ekonomiko txarrean Banca Civica 405 milioi euroren beharrean egon daitekeela.

Azken egunetan, Enrique Goñi Banca Civicako presidente exekutiboa AEBetan izan da, besteak beste, JC Flowersek Banca Civican izan behar duen partaidetza negoziatzen. JC Flowersek kapitalaren %49 kontrolatzea eskatu duela zabaldu bada ere, lortutako konpromisoen berririk ez dago, eta CANek irmo ukatu du eskaera hori egin dela.

Hala ere, asteon bertan Banca Civica osatzen duten hiru kutxek -CAN, Caja Burgos eta CajaCanarias-taldearen barne egitura berregokitu dute, eta hitzartu dute burtsara jaulki daitekeen kapital pribatua «gehienez ere» %40koa izango dela. Atzo bertan,JC Flowersek kapitalaren %15 eta %25 artean kontrolatuko duela zabaldu zuten CANeko iturriek. Akordio hori ez da oraindik gauzatu, baina ondorioztatzen da Cajasol barruan izango duen Banca Civica baten %25 izango duela gehienez JC Flowersek. CAN, berriz, %41 izatetik %29 izatera pasatuko da.

FROBi diru eske

Kontraesanak agerikoak dira. Martxoan, Espainiako Bankuaren FROB funtsetik Banca Civicak dirurik ez zuela hartuko esan zuen CANek. Orain, ordea, Cajasol bertan sartuz gero FROBetik diru publikoa eskatuko dute-mila milioi euro inguruko mailegua emango diola zabaldu da-, eta horri JC Flowersen 450 milioi euroak gaineratu behar zaizkio. Taldearen egoitza instituzionala Sevillan egongo da, eta operatiboa, Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.