Urtarrilaren 3tik Nafarroako Kutxa izaera bereziko fundazio bat da, eta Nafarroako Gobernuaren menpeko batzorde bat arduratuko da gestioaz. Bere izaera publikoa berreskuratu du CANek, inoiz galdu bazuen. Horregatik, Kontuz plataformak ohar batean exijitu dio Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari aukera aparta duela aurrezki kutxan zenaren gain gertatutako guztia argitzeko eta bere ardurak hartzeko, “lapurreta honetako gainerako aktoreen modura”.
Kontuz plataformaren arabera, argitu gabeko kontuen artean kutxaren azken hamarkadako gestioa dago: “Unea iritsi da argitzeko ondarean izandako mila milioi euroko galera, boteretik gertu izan diren pertsonei egindako fabore tratuak, hedatzeko politika megalomanoaren gainbehera, erretiro prozesuek eragindako milioika euroko kostua eta ondoren egindako kontratazioak, lagunen enpresetan egindako inbertsio negargarriak, erakundeen kontrol falta, kontuak lantzerakoan egon den iluntasuna, ardurak zehaztea eta CANek partaidetza izan duen enpresetako administrazio kontseiluetan izandako izen dantza”.
Bodegas Sarriako presidente Miguel Sanz Nafarroako lehendakari ohia izatea bateragarri al den, Pejenaute auziari buruzko xehetasunak edo Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiaren bulegoari aurrezki kutxak ordaindutako dirua ere argitu behar dela deritzo. “Jada ezin duzu esan Nafarroako Kutxa erakunde pribatu bat dela, eta orain ontziaren lema hartu duzularik 'lege agindua' inoiz baino argiagoa da”, mintzatu zaio Kontuz Barcinari. "Zure ezbaia erraza da: zure betebeharra bete eta gertatu dena argitu, edo ihes egin eta hondoratzen ari den ontzitik arrapaladan ateratzen ari direnekin bat egin. Tentazioan erortzen bazara eta bigarren bidea hartzen baduzu, ez izan zalantzarik, zure ardurengatik erantzun beharko duzu, gainerako guztien modura", ohartarazi du Kontuz-ek.
Era berean, parlamentuko alderdiei eskatu die ikerketa egitera behartzeko gobernua. Orain arte PSNk ikerketa batzordeak ukatu dituenez, sozialistei dei egin die “herritarren eskaerei entzungorrarena egiteari uzteko”, eta azterketa ahalbidetzeko.
Ezker abertzaleak ere CANen gertatutako dena ikertzeko eskatu du gaur, Iruñean emandako prentsaurreko batean.