Eric Cantonaren eta sistemaren arteko partida desorekatua ustekaberik gabeamaitu da, berdinketarekin. Sistema ez da erori, eta futbolariak bankuetatik dirua ateratzeko egindako deialdiak jarraipen txikia izan du, baina finantza erakundeen jokaerari buruzko eztabaida piztu du.
Ikusmin handia sortu zuen partidak, batez ere Interneteko foroetan. Milaka internautak bat egin dute eskaerarekin, eta dirua bankuetan utziko zutela esan zuten askok ere oso gogor salatu dute bankuek oraingo krisiaren sorreran izan duten erantzukizuna.
Eztabaida saretik mundu errealera ere igaro da, eta Europako Batasuneko finantza ministro askok, urduritasun puntu batekin, izan dute ahotan gaia azken egunotan. Neurria kritikatzeko, noski. «Operazio arduragabea da», salatu du Jean Claude Juncker euroguneko ekonomia ministroen taldeko buruak. Cantonaren kezka «frantziar guztiek» partekatzen dutela onartuta ere, bankuetatik dirua ateratzea «geure atean gola sartzea» izango litzatekeela adierazi du Martine Aubry Frantziako Alderdi Sozialistako lehen idazkariak.
Eztabaidaguneetako oihartzun hori, ordea, ez da kalean asko antzeman. Milaka lagun gutxi batzuek soilik atera dute dirua bankuetatik. «Egun arrunta izan da. Bezeroek ez digute eskatu dirua ateratzeko», azaldu zion AFP agentziari Marseillako LCL bankuko bulego nagusiko zuzendariak. Berdin zioten BNP Paribaseko eta Societe Generaleko arduradunek. Pentsatzekoa zen hiri horretan jarraipen zabalagoa izatea deialdiak, han jaiotakoa baita Cantona. AFPk Parisen eta Lillen galdekatutako bulegoetan ere ez zen aparteko ezer gertatu. Frantziako hiriburuan, Salba Ditzagun Aberatsak kolektiboko kideek Societe Generalen zuten dirua atera zuten, eta Credit Cooperatif banku etikoan sartu zuten.
Cantonak berak 1.500 euro aterako zituela iragarri zion joan den astean Albert herriko (Somme, Frantzia) BNP bankuko arduradunari, eguna zehaztu gabe. Hogei kazetari eta argazkilari zain izan zituen atzo, baina alferrik izan zen, aktorea ez baitzen agertu. Wansquare finantza webguneak, berriz, jakinarazi zuen Cantonak 750.000 euro atera zituela Banque Leonardo banku pribatutik eta Credit Agricoleko kontu batean sartu zituela, geroxeago «operazio ikusgarri baten bidez» handik ateratzeko.
Eztabaidazalea
Futbolari ona izateagatik ez ezik, eztabaidazalea delako da ezaguna Cantona, Frantzian batik bat. Atzoko kanpaina Presse Ocean Bretainiako egunkariari urrian egindako adierazpen batzuetatik abiatu zen. Futbolari ohiak esan zuen gauzak aldatzeko manifestatzea baino modu hobea zela egun batean herritar guztiek beren dirua bankuetatik ateratzea.
Asmo handirik gabe egindako adierazpenak kanpaina bihurtu dira azken asteotan, besteak beste, www.bankrun2010.com webgunearen bitartez. Haren sortzaileek arrakasta handitzat jo zuten eguna, beren ustez, lortu egin dutelako gobernuek «herritarren mesederako eta espekulazioaren sukarretik kanpo» ariko den banku sistemaren aldeko aldarria entzutea.
Berez, sistemaren aurkako ikono kontraesankorra da Cantona bera. Dirutza irabazi du futbolari profesional eta aktore gisa, eta aurpegia eta ahotsa jarri die hainbat publizitate kanpainari. Besteak beste, Nike, Bic, Renault eta L'Oreal enpresen publizitatea egin du. Haren emaztea, Rachida Brakni aktore eta zuzendari frantziarra, Credit Lyonnais bankuaren iragarki batean azaldu zen joan den apirilean.
Cantonak bana egin du sistemarekin
Agintarien lasaitasunerako, herritar gutxik egin dute bat bankuetatik dirua ateratzeko futbolariak egindako deialdiarekin, baina antolatzaileak pozik dira, finantza erakundeen aurkako aldarria entzunarazi dutelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu