Epaitegiek kendu egin dute Nafarroako Gobernuak jarritako eragozpena Caparrosoko 3.450 behiko haztegia halako bi handitu ez zedin. Hibridacion Termosolar Navarrak eta Valle de Odietak libre dute bidea esnearen merkatua are gehiago baldintzatuko duen etxalde handia handitzeko. Proiektuak jasotzen du 3.450 behitik 7.200 behira handitzea haztegi hori. Uxue Barkos presidente zuen gobernuak ukatu egin zion enpresari ingurumen baimena, 2018. urtean, baina enpresak auzitara jo zuen, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du hein handi batean esnetako behi etxalde handiaren jabeen erreklamazioa. Dagoeneko, Nafarroako Gobernuak iragarri du erabaki judizial hori onartu egingo duela. Hala, Valle de Odieta kooperatibaren esku dago Caparrosoko haztegia halako bi bihurtzen hastea.
Gobernuak, hala ere, azaldu du haztegi handien kokapenaren inguruko arautegi berri bat sortzeko lanean jarraituko duela. Animalien osasunaren legearen balizko aldaketa bat prestatzen ari da Iruñea, «segurtasun juridikoarekin galarazteko Nafarroan horrelako neurriko haztegiak kokatzea». Izan ere, gobernuaren arabera, horrelako etxalde handiek «ondorio larriak ekar ditzakete Nafarroako abeltzainentzat, ingurumenarentzat, eta lurraldearentzat, oro har, eragin handiak baitituzte sozialki, ekonomikoki, ingurumenari begira eta osasunari begira». Bioaniztasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuan dela ere erantsi du Nafarroako Gobernuak.
Valle de Odietaren etxaldea eta biometanizazio planta 2010etik daude martxan Caparroson, baina 3.450 behirentzat baino ez.
Isunen bilduma bat
Valle de Odietak dozena bat isun ordaindu behar izan ditu gaur arte. 5.531 behi ere izan dituela salatu zuen Compañia de las 3 Rs enpresak. Caparrosoko Udalarentzat, ordea, etxalde hori «beste enpresa bat da». Carlos Alcuaz alkateak (PSN) dio «inbertsio garrantzitsuak egin dituela herrian». Ingurumenarekin lotuta enpresak jasotako isunak direla eta, Alcuazek argitu du udalak ez duela horretan eskuduntzarik, eta ez duela gaiari buruzko informazio askorik.
Valle de Odietak 20.000 esne behi izango dituen ustiategia ireki nahi du Noviercasen (Soria, Espainia), Tuteratik 60 kilometrora. Caparrosoko mehatxua ez da bakarra, beraz, ezta handiena ere abeltzain txikientzat.
Caparrosoko behi haztegia halako bi handitu ahal izango du Valle de Odietak
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak enpresaren proiektuaren alde ebatzi du, eta Iruñeko gobernuak esan du erabakia onartuko duela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu