CCOOk Bizkaiko negoziazio eredua nahi du Gipuzkoako metalgintzako itunerako

Beste sindikatuei dei egin die plataforma bateratu bat osatzeko eta mobilizazio egutegi bat adosteko. Arabako negoziazioak «bultzatu» nahi ditu horrela

Unai Sordo Espainiako CCOO idazkari nagusia eta Loli Garcia EAEkoa, atzo Donostian eginiko mobilizazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoako metalgintzan plataforma bateratua osatzeko deia egin die CCOOk beste sindikatuei, negoziazio molde horrek Bizkaian izan dituen emaitzak ikusita. Donostian egindako batzar batean, CCOOk adierazi du Gipuzkoako eta Arabako itunak lortzeko garaia dela. Bi lurralde horien egoera Bizkaiko bera da: 2011z geroztik ez dituzte berritu lan hitzarmenak, eta sindikatuak uste du Bizkaikoa «bultzada» izan daitekeela horretarako.

«Blokeoak desegiteko ordua» dela azaldu du Javier Gomez CCOOko industria ataleko idazkari nagusiak, eta beste sindikatuei dei egin die mobilizazioen egutegi bat adosteko, patronalak negoziatzera behartzeko. Sektore hitzarmenek enpresa hitzarmenen aldean duten garrantzia azpimarratu du Gomezek. «Metalgintzako sektoreak pisu handia dauka Euskadin, langile asko ditu, eta ezinbestekoak dira hor dauden guzti-guztien lan baldintzak errespeta daitezen».

Bizkaikoak hainbat hobekuntza jaso ditu: besteak beste, Euskal Herriko industrian lehen aldiz jaso dute subrogazio eskubidea sektorean azpikontratutako langile askorentzat —zehazki mantentze lanetakoentzat—; hainbat neurri jasotzen ditu, halaber, behin-behinekotasunari mugak ezartzeko eta kontratazio zuzena bultzatzeko, eta baita dualtasunari eta estatalizazioaren mehatxuari aurre egiteko ere. Soldata igoerak ere sinatu dituzte: 2019rako, KPIa gehi %1,75eko igoera; eta 2020. eta 2021. urteetarako, KPIa gehi 1,5ekoa.

Sindikatuek ez dute bide erraza izan: 39 bilera behar izan dituzte patronalarekin, eta mobilizazio kanpaina baten ostean eta zortzi eguneko greba bat hasteko zorian zeudela lortu zuten akordioa. Unai Sordo Espainiako CCOOko idazkari nagusiak «eredugarritzat» jo du egindako lana. «Oso garrantzitsua da probintzia eta sektore mailako hitzarmenetan mobilizazioak egituratzea eta, beharrezkoa balitz, baita grebara deitzea ere».

Plataforma bateratua osatzeko deiak hartzaile nagusi bat du: ELA. Sindikatu horrek, Bizkaiko hitzarmenean urratsak ikusi arren, ez du sinatu, «gehiago lortzeko aukera zegoelako». Bizkaian bezala, Arabako eta Gipuzkoako metalean ere sindikatu nagusia da —%42 eta %46, hurrenez hurren—, baina Bizkaian osatutako gehiengoak (CCOO, LAB eta UGT) balioko luke lurralde horietan ere. Nolanahi den, sindikatu abertzaleak ez du baztertzen besteekin batera elkarlanean aritzea hitzarmen kolektibo bat lortzeko.

Greba aurretik, gobernua

Pentsio sistemari buruz ere luze aritu zen CCOOko burua atzo, Donostian. Urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Gutunak deitutako grebari buruz, iradoki zuen ordurako aldaketa handiak izan daitezkeela pentsiodunen egoeran. Sordok espero du Espainian gobernua osatzea eta haren lehen erabakietako bat izatea 2013ko erreforma bertan behera uztea. Horren ondoren, bere ustez, lehentasuna izango litzateke pentsioak inflazioaren arabera eguneratzea, eta beharrezko erreformak egitea sistema jasangarria izateko. Horretarako derrigorrezkotzat jo zuen aurrekontuen bitartez ordaintzea gizarte kotizazioek estaltzerik ez dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.