CCOOk diru gehiago eskatu du haur eskoletarako, ikerketarako eta Osalanerako

Eusko Jaurlaritzaren 2010. urterako aurrekontuek dituzten hutsuneak nabarmendu ditu sindikatuak

jakes goikoetxea
2009ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek gabezia nabarmenak dituzte. Inbertsio publikoa 285 milioi euro gutxitu dute, etxebizitzan, obra publikoan eta garraioan batez ere. Ikerketari, garapenari eta berrikuntzari eskainitako dirua %8,5 gutxitu dute. Osasun eta hezkuntza arloetan aurrekontua handitu da, «baina ez nahikoa». Euskadiko CCOOk aurrekontuen hutsuneak nabarmendu ditu batez ere.

Aurrekontuek «norabide aldaketa» behar dutela uste du. Nola? Osalani diru gehiago emanda; gizarte azpiegituretan eta haur eskoletan diru gehiago inbertituta; hiru urte arteko haurren hezkuntza publikoa zabalduta; Mendekotasun Legea bultzatuta, «emakumeen jarduera tasa handitzeko»; eta I+G+(B)-ren aldeko «apustu garbiagoa» eginda.

Gehiago zorpetzeko eskaera

Eusko Jaurlaritzak, aurreko urteetan ez bezala, zorpetu egin behar izan du 2010eko gastuei aurre egin ahal izateko. Euskadiko CCOOren iritziz, baina, gehiago zorpetu beharko luke, horretarako aukera baduelako.

Sindikatuaren arabera, aurrekontuek neurri batean balioko dute krisiaren ondorioak arintzeko, baina ez krisitik ateratzeko oinarriak ezartzeko. «Aurrekontuek gure ekonomiaren eta lan merkatuaren egiturazko arazoak konpontzeko tresna izan behar dute», esan zuen Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak atzo. «Bada garaia administrazio publikoek krisiaren zezenari adarretatik heldu eta politika egokiak bultzatzeko, bai krisitik ateratzeko, bai baliabide pribatuen inbertsio handiagoa bultzatzeko».

Euskadiko CCOOk puntu positiboren bat aurkitu du aurrekontuetan: babes sozialerako gastua. Sindikatuak emandako datuaren arabera, aurten iaz baino %6,4 diru gehiago aurreikusi dute arlo horretan. Horrek, Sordoren esanetan, «izaera soziala» ematen dio aurrekontuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.