Sindikatuak

CCOOren eta UGTren alde jokatzea egotzi dio ELAk Nafarroako Gobernuari

Lau forotan, tartean kontratazio publikoaren batzordean, UPNren agintaldiko «irizpide antidemokratikoak» berreskuratu direla salatu du sindikatuak, eta bihar elkarretaratzea egingo du gobernuaren egoitzaren aurrean, 12:30ean.

Saioa Urriza eta Imanol Pascual, gaur goizean, ELAren Iruñeko egoitzan. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2021eko maiatzaren 24a
11:52
Entzun

«Argi dago ez dela bat-bateko erabaki bereizi bat, ondo pentsatutakoa baizik». Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak salatu du lau forotan CCOO eta UGT sustatu dituela; zehazki, kontratazio publikoaren batzordean, kirol profesionalari buruzko batzordean, automozioaren mahaian eta talentuaren mahaian. ELAren arabera, irizpide horietako batzuk «babes juridiko gabe» hartu dira.

«Bereziki larria» iruditzen zaio kontratazio publikoaren batzordearekin gertatutakoa. ELAk gogorarazi du 2014an herri ekimen legegile bat bultzatu zuela, eta 14.625 sinadura bildu. Gerora, LAB eta CCOOrekin batera, kanpaina bat egin zuen kontratazio publikoaren legea aldatzeko, eta, bertan jasotzen zenez, kontratazio publikoaren batzorde bat eratuko zen. 2018an onartutako legeak zekarren, besteak beste, sindikatuek ordezkaritza izango zutela batzorde horretan.

Alta, 2019an, lege hura garatzeko foru dekretuan, ordezkaritza handieneko sindikatuak formula aipatzen da osaerari buruzko irizpideak ezartzean. Errealitatean, tokia soilik CCOO eta UGTri egin zaie. Era berean, gogorarazi du automozioren mahaian, eta prestakuntza eta talentuaren mahaian gobernuak bi sindikatuen ordezkaritza hobetsi duela, gainerakoei atea itxita eta «oinarri juridikorik gabe».

Krisi mahaian, berdin

Halaber, sindikatuak salatu duenez, gobernuak antzera jokatu zuen iaz pandemiari aurre egiteko krisi mahaian. Nahiz eta hasieran mahai horretan CCOO, UGT, ELA eta LAB izan, ekainetik aurrera, aldi baterako lan erregulazioko espedienteei osagarri bat ezartzeko aukera eztabaidatu zenean, Txibiteren gobernuak Gizarte Elkarrizketaren Kontseilura eraman zuen auzia, eta bertan CCOOk eta UGTk dute ordezkaritza. ELAk azpimarratu du bertan azkenean hitzartu zen osagarria «propaganda izugarria» izan dela, 11.000 onuradun izango zituela iragarri, eta azkenean 600 baino ez dituelako izan. 

Pascualen arabera, bi sindikatuok ordezkaritza galtzen ari dira urtez urte Nafarroan, eta azken urteetan bien artean %56ko ordezkaritza izatetik %48koa izatera pasatu dira. Horregatik, Pascualen irudiko, erabaki horrek bi sindikatuok «sustatzeko» borondateari erantzuten dio. ELAko koordinatzaile nagusiaren arabera, koalizio gobernua osatzen duten hiru alderdien arteko erabakia da, eta bilerak eskatuko ditu alderdietako kontseilariekin: Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Jose Maria Aierdi bigarren presidenteordea eta Eduardo Santos Migrazio Politiken eta Justizia kontseilaria.

Bihar, 12:30ean, ELAko ordezkariek elkarretaratzea egingo dute Nafarroako Jauregian, gobernuaren egoitza aurrean, «jarrera antidemokratikoa alda dezan» eskatzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.