Cebekek uste du «esku sartzea» dela lanaldia 37,5 ordura laburtzeko lege proiektua

Lege proiektua gaur iritsi da Espainiako Diputatuen Kongresura, presazko tramite baten bidez onartzeko, nahiz eta oraingoz Espainiako Gobernuak ez duen behar adina babes aurrera egiteko.

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea eta Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusia, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea eta Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusia, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 13a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lanaldia 37,5 ordura laburtzeko lege proiektua «negoziazio kolektiboan eskua sartzea» dela uste du Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak. Hala, Espainiako Kongresuko alderdi politikoei eskatu die kontuan hartzeko «elkarrizketa sozialetik kanpo» eta «sindikatuen eta enpresarien arteko aldez aurreko akordiorik gabe» osatzen ari direla lege proiektua. Hain zuzen, gaur iritsi da Espainiako Diputatuen Kongresura, presazko tramite baten bidez onartzeko, nahiz eta oraingoz Espainiako Gobernuak ez duen behar adina babesik aurrera egiteko.

Cebekeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur, Bilbon, azken enpresa inkestaren ondorioak aurkezteko: galdetutako enpresarien %91k uste dute lan kostuen igoera «faktore kritikoa» dela. Alde horretatik, Carolina Perez Toledo Bizkaiko patronalaren presidenteak nabarmendu duenez, lanaldia 37,5 ordura laburtzeak «eragin zuzena» izango luke enpresen lan kostuetan.

Cebeken arabera, Bizkaiko 350.000 behargini eragingo lieke neurriak, zerbitzuetakoei batez ere: «Merkataritzako enpresa txikiek eta zerbitzuek langile gehiago kontratatu beharko dituzte, bezeroei arreta emateko txandak betetzeko».

Espainiako Lan Ministerioak lanaldia laburtzeko emandako justifikazioak «meritua, ahalegina eta garapen profesionala gutxiestea» dakarrela salatu du Javier Azpiazu Bizkaiko patronaleko idazkari nagusiak, aipatutakoak «balio garrantzitsuak baitira edozein gizartetan». «Lanaldia beti izan da gizarte eragileen, enpresaburuen elkarteen eta sindikatuen arteko negoziazioaren parte», adierazi du Azpiazuk.

«Lanaldia beti izan da gizarte eragileen, enpresaburuen elkarteen eta sindikatuen arteko negoziazioaren parte»

JAVIER AZPIAZUCebekeko idazkari nagusia

Gorteen Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren —seguruenik, datorren ostiralean—, talde parlamentarioek zortzi eguneko epea izango dute lanaldia laburtzeko lege proiektuaren zuzenketak aurkezteko, Efe berri agentziak aurreratu duenez.

Hala ere, zuzenketak aurkezteko epea mugarik gabe atzera daiteke, Kongresuko mahaian luzapenak eginez. Bitartean, gobernua JxC Junts Per Catalunyaren babesa negoziatzen ari da, haren botoak ezinbestekoak baitira. JxC alderdiak joan den astean berretsi zuen ezetz esango duela. PP eta Vox ere aurka daude, eta gainontzekoak, alde.

Yolanda Diaz Lan ministroak aurten onartu nahi du lanaldiaren laburpena, baina ez du baztertzen Carles Puigdemont JxCeko buruarekin biltzea testua negoziatzeko.

Ezkortasun handiagoa

Apirilean, Cebekek beste inkesta bat egin zien Bizkaiko enpresei, «2025eko bilakaerari eta egungo testuinguru ekonomikoan enpresek aurre egin behar dieten erronka eta kezka nagusiei buruzko ikuspegia eguneratzeko». Guztira, sektore eta tamaina guztietako 448 enpresabururen erantzunak jaso zituzten, apirilaren 14tik 26ra bitartean egindako galdeketan.

«Enpresaburuek adierazi dute gero eta presio handiagoa sentitzen dutela, marjinengatik, lan kostuengatik eta lehiakortasuna baldintzatzen duten beste faktore estruktural batzuengatik»

CAROLINA PEREZCebekeko presidentea

Bizkaiko enpresak ez dira urtarrilean bezain baikorrak, eta soilik %48k uste dute 2025eko ekitaldia positiboa izango dela. «Fakturazioaren eta enpleguaren egonkortasuna» egiaztatu dute, baina, «enpresaburuek adierazi dute gero eta presio handiagoa sentitzen dutela, marjinengatik, lan kostuengatik eta lehiakortasuna baldintzatzen duten beste faktore estruktural batzuengatik», azaldu du Perezek.

Enpresaburuen %51k diote beren diru sarrerak egonkorrak direla, %22k handitu egin direla eta %3k «asko handitu» direla. Aitzitik, galdetutakoen %19k dezelerazioa nabaritu dute. «Datu horrek agerian uzten du urtarrilean zituzten itxaropenek okerrera egin dutela apur bat», Cebekeko presidenteak esan duenez. Besteak beste, merkataritzan, enpresen %36k beherakada sumatu dute fakturazioan.

Lanpostuei dagokienez, urteko lehen lauhilekoan enplegua egonkor mantendu da enpresen %67an. Hala ere, ia guztiek ohartarazi dute lan kostuak «faktore kritikoa» direla. Besteak beste, %89k «zailtasunak» dituzte langile kualifikatuak aurkitzeko, eta %72k «talentua erakartzeko kezka» adierazten dute.

Absentismoa eta muga zergak

Cebekek bere gai kuttunetako bati ere heldu dio: absentismoari. Haren arabera, «egiturazko arazoa izaten jarraitzen du», eta enpresen %29k diote gora doala. Arazo hori arintzeko, Bizkaiko patronalak ekimen bat bultzatu du, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, «absentismoan eragina duten faktoreak identifikatzeko eta ekintza ildo egokituak definitzeko». Besteak beste, hausnarketa foroak egiten ari dira.

%48

Zenbat enpresak espero duten urte ona. Bizkaiko enpresak ez dira urtarrilean bezain baikorrak, eta soilik %48k uste dute 2025eko ekitaldia positiboa izango dela. Urte hasieran, %61ek zeukaten iritzi hori.

Perezek nabarmendu duenez, gai «oso korapilatsua» da, «absentismoaren arrazoiak asko izan daitezkeelako». Hala ere, Cebekeko presidenteak azpimarratu duenez, «ez da onargarria Euskal Autonomia Erkidegoa [Espainiako] absentismo tasaren buru izatea eta gora egiten jarraitzea».

Horrez gain, Bizkaiko enpresak kezkatuta agertu dira AEBek ezarritzako muga zergekin. Erdiek baino gehiagok —%54k— uste dute eragin negatiboa izango dutela beren jardueran.

Cebekek onartu du EAEko enpresek Donald Trumpen administrazioaren «mugimendu bakoitzari adi» daudela: «Txinarekin akordioa lortu ondoren, orain, etsaia Europa dela ematen du», adierazi du Azpiazuk. Gai horren inguruan Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak «ontzat» jo ditu Bizkaiko patronaleko idazkari nagusiak. Besteak beste, enpresen eta administrazio publikoen arteko mahaia sortu dute, eta muga zergek kalte egindako sozietateei diru laguntzak ematen ari zaizkie.

Cebeken presidente berria aukeratuko dute bihar

Carolina Perez Toledo izan da Cebeken presidentea azken lau urteetan. Bizkaiko patronalak haren lekua nork hartuko duen erabakiko du bihar, Bilboko Euskalduna Jauregian izango den batzarrean. Cebeken historian lehendabiziko aldiz, bi hautagairen artean bozkatu beharko dute patronaleko kideek: Nuria Lekue Bizkaiko gasolindegien patronaleko buruaren eta Guillermo Buces Biolid Industria Grafikoetako zuzendari nagusiaren artean, alegia. Bozketa telematikoa izango da —telefono mugikorren eta tableten bidez—, eta, eguerdirako datozen lau urteetan erakundearen buru izango den pertsonaren izena ezagutzera ematea espero dute. Hauteskundeez gain, batzar orokorra eta mahai ingurua egingo dituzte; baita Cebek Sariak banatu ere. Presidente berriak biharko jardunaldiaren itxiera ekitaldian hartuko du hitza, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.