Merkataritza

Cecobik dio «motz» geratu zela denden laurdenak itxiko zirela iragartzean

Bizkaiko merkatarien elkartearen arabera, iaztik hona %60 jaitsi dira salmentak, eta irailetik aurrera ugaritu egingo dira saltokien porrotak.

Konfinamenduak itxitako denda batzuk ez dituzte berriro zabaldu. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 11
18:05
Entzun

Industriaren atal batzuk bere onera itzultzen ari direla dirudi, baina ezin da halakorik esan merkataritzari buruz. Bizkaiko merkatarien patronalak, Cecobik, ziurtatu du batez beste iazko salmenten %60 galdu dituztela aurten. Gainbehera hain da handia, ezen aurretik egindako iragarpen ezkorra «motz» geratzekotan baitago; hau da, urtea amaitzen denerako denden %25 behin betiko itxiko ditu koronabirusaren krisiak.

«Etorkizuna oso kezkagarria da», esan du Pedro Campo Cecobiko presidenteak. Bereziki arduratuta dago hirietako auzoetako eta herrietako dendekin, hiriguneetakoak baino gehiago sufritzen ari dira eta. Onartu du, ordea, sektore batetik bestera badela aldea, eta badirela salmenten amiltzeari izkin egin dioten bi arlo: elikadura dendek «gutxi gorabehera eutsi egin diote», eta etxebizitzetarako ekipamendua saltzen dutenek «suspertze positibo bat izan dute».

Campok uste du irailetik aurrera iritsiko dela «okerrena», eta orduan bizkortuko dela saltokien itxiera, betiere ez badago aldaketa handirik pandemian. Ez du azaldu horretarako itxaropen handirik, eta «pertsona askoren mugarik gabeko arduragabekeriari» egotzi dio errua, gazteei bereziki. «Nik uste nuen beste balio batzuk zituela gazteriak, baina, gutxiengo bat diren arren, erakusten ari dira ezerk ez dituela arduratzen».

Aldi baterako erregulazioetarako baldintza bereziak «gutxienez urte bukaeraraino» luzatzeko eskatu du Cecobiko buruak. «Horrela ez bada egiten, milaka enpresaburu txiki ixtera behartuta egongo dira». Haren esanetan, «eskariaren arabera ari dira langileak lanera itzultzen, baina, eskaera normalaren %50ean gaudenez, ezinezkoa da langile guztiak berriro hastea, hori egiteak enpresa ixtea baitakar».

%14,1ko jaitsiera Eustatek

Eustatek joan den astean kaleratutako datuen arabera, aurtengo bigarren hiruhilekoan iaz baino %14,1 gutxiago saldu zuten Bizkaiko txikizkako merkatariek, eta %15,5, EAEko hiru lurraldeetakoei. Ostatuak eta jatetxeak hainbat astez itxita egoteak eragin du elikagaien salmenta %5,3 handitu izana EAEn, baina kate handiek izan dute gehien igoera hori. Beste produktuak saltzen dituztenek %31ko jaitsiera izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.