Cegasa, konkurtso aurrekora

Bankuekin zorra negoziatzen duen bitartean, jarduera batzuei eusteko bazkide berriak bilatuko ditu konpainiakOraingoz, aldaketarik gabe jarraituko dute lanean Euskal Herrian dituen 500 langileek

Cegasa taldeak Gasteizen duen lantegietako bat, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2014ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko beste enpresa historiko bat arazo ekonomikoekin. Cegasa konpainiak konkurtso legearen aurrekora joko du, enpresa berregituratzeko eta hartzekodunei zorra bueltatzeko modu bat bilatzen duen bitartean. Likidezia arazoak izan ditu Cegasak azken hilabeteotan, eta bestelako irtenbideak bilatzen saiatu bada ere, azkenean urrats hori egitea erabaki du.

Euskal Herrian, hiru lantegi—bi Gasteizen eta bat Oñatin (Gipuzkoa)— eta bostehun langile baino gehiago ditu gaur egun Cegasa taldeak. Atzo, langile batzorde guztietako ordezkariak bilera batera deitu zituen zuzendaritzak. Batzar horretan jakinarazi zien Konkurtso Legeak ematen dizkien aukerak baliatzeko asmoa. Informazio horretaz gain, zuzendaritzak ez die iragarri sindikatuei bestelako neurririk: kaleratzeak, esaterako.

Ohar baten bidez, egoeraren berri eman zuen konpainiak. Taldeak dituen negozioei «banan-banako irtenbidea» emango dien prozesua martxan jarri du. Energia, logistika eta etxetresna txikien alorrean ari da lanean Cegasa, eta orain jarduera horiek «bazkide berrien eskutik» garatzeko asmoa du. Negoziazio «aurreratuak» ditu, eta datozen hilabeteotan bururaino eramatea espero du.

Konpainiaren arabera, Konkurtso Legearen aurrekora jo du, jarduera berregituratzeko prozesu hori aurrera eraman ahal izateko. Behin auzitegietan eskaera eginda, lau hilabeteko tartea du enpresak hartzekodunekin zorra ordaintzeko modu bat hitzartzeko —kasu honetan, bankuekin, batez ere—. Urrats horrekin eragotziko du lau hilabete horietan hartzekodunen batek konkurtsoa halabeharrez exijitzea, eta irtenbide negoziatua lortzeko aukera gehiago ditu.

Negozioaren iraupena bazkide berriak lortzeko aukerari lotu dio ezinbestean Cegasak. «Horrela lortuko litzateke jarduerari eustea, hornitzaile guztiei ordaintzea eta, azkenik, finantza erakundeekin dauden konpromisoak betetzea», dio konpainiak igorritako oharrak. Krisiak eragindako kontsumoaren jaitsierak gogor jo duela onartu du enpresak, halaber.

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek ordezkaritza dute Cegasako batzordean. Oraingoz, ez dute eman iritzi ofizialik, informazio gehiagoren esperoan. Sindikatuetako iturriek azaldu dute bazutela enpresak azkenaldian izandako arazoen berri. Errentagarriak diren eta galerak dituzten negozioak zatikatzeko asmoa ere aurreratu zien Cegasak.

Konkurtso aurrekora jotzeak ez du izango, lehen batean, inolako ondoriorik langileen gaur egungo egoeran. Zuzendaritzak jakinarazi die jardueran ez dela izango aldaketarik, eta normal jarraituko duela lanak. Cegasa Industrial, Cegasa International eta Cega Multidistribucion lantegietan banatzen da enpresa Euskal Herrian. Guztira, Cegasa taldeak bederatziehun langile inguru ditu. Joan den urtean, 124 milioi euroko fakturazioa izan zuen.

Historiko baten gainbehera

Azken sei urteak bereziki latzak izan dira Cegasarentzat. Enpresa historikoa da; 1934. urtean sortu zen, Oñatin. Hasierako negozioa kontsumorako pilak izan ziren, Tximist marka ezagunarekin. 30 urte geroago, 1964. urtean, egoitza nagusia eta jardueraren parte handi bat Gasteizera lekualdatu zen. Hala izan da gaur egun arte, nahiz eta Oñatin lantegi bati eutsi.

2008. urtean, lan gatazka luze bat izan zuten Gasteizko langileek. Negozio ezagunena, pilak, Euskal Herrian egiteari uzteko erabakia hartu zuen Cegasak, errentagarritasun falta argudiatuta. Urte horretan pilak ekoizteko jarduerak 22 milioi euroko galera eragin ziola argudiatu zuen enpresak, eta 240 lagunentzako erregulazio eskaera bat aurkeztu zuen enpresak. Lehen saioan atzera bota zion Eusko Jaurlaritzak, baina bigarrena onartu zion. Berrehun langile inguruk lantegia utzi zuten, aurre erretiroen eta diruz lagundutako lanuzteen truke. Bi urte geroago, 2011. urtean, beste 21 behargin kaleratu zituen enpresak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.