Eusko Jaurlaritzak onartu dion behin-behineko erregulazioak irauten duen bitartean Cegasak makineria salduko duela susmatzen dute langileen ordezkariek. Batzordeko presidente Juan Carlos Ramosen ustez, enpresaren asmoa produkzioa Euskal Herritik Txinara eramatea da, eta orain behin-behineko neurria dena behin betiko bihurtzeko arriskua dago.
Gasteizko lantokian pilak ekoizten ari diren 203 langile urtea amaitu arte etxera bidaltzeko baimena eman zion Lan Sailak Cegasari joan den astean, Lan Agintaritzaren bidez. Atzo sartu zen indarrean neurri hori, eta langile kaltetuak ezin izan ziren lantokira sartu. Ekoizpena bertan behera geratu da dagoeneko, eta soilik pilak paketatzen dituen atala dago martxan.
Enpresarekin egindako negoziazioetan ez zen akordiorik egon, eta, horren faltan, legeak agintzen duen maila arteko langabezia saria eskuratuko dute soilik beharginek, inolako osagarririk gabe. Oro har, aurretik zuten soldataren %60 inguru izango da, batzordeak kalkulatu duenez.
Jaurlaritzaren kontra
Enpresak baimena eskuratu badu ere, langileek ez dituzte mobilizazioak bukatutzat jo. Atzo bertan Gasteizko Lan Ordezkaritzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, Eusko Jaurlaritza, mila esker Cegasaren itxiera errazteagatik leloa zuzen pankartaren atzean.
Lan Sailak baimena eman izana kritikatu zuen batzordeko presidenteak, eta salatu zuen enpresak ez duela inolako informaziorik eman bere altxortegi egoerari eta pila ekoizpenaren errentagarritasunari buruz. «Ekoizpena errentagarria ez balitz, onartuko genuke, baina hori frogatu behar dute», adierazi zuen Ramosek. Edonola ere, diruz lagundutako kaleratzeak eta erretiro aurreratuak negoziatzeko prest jarraitzen dute sindikatuek.
Bien bitartean, bi orduko lanuztea egin zuten atzo Oiongo Cartalsa enpresakoek, Arabako Errioxan. Erregulazio baten bidez langileei xantaia egin nahi izatea egotzi dio ELAk konpainaiko zuzendaritzari.
Cegasak makinak salduko dituela susmatzen du Langileen Batzordeak
Oiongo Cartalsa enpresako beharginek bi orduko lanuztea egin dute erregulazio eskaeraren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu