Cegasaren parte bat erosteko kontratua sinatu du Sherpak

Erredakzioa
Gasteiz
2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Cegasa konpainiaren hiru produkzio unitate erosi ditu, azkenean, Sherpa Capitalek. Arrisku kapitaleko funtsak eskaintza egin zion orain dela hilabete batzuk Cegasaren konkurtso administrazioari, eta epailearen onespena jaso zuen. Haatik, azken orduko atzerapenak izan dira kontratua sinatzeko, eta eragiketari buruzko zalantzak piztu dira.

Atzerapenak ikusita, epea jarri zioten administratzaileek Sherpari. Azken unean, joan den astelehen iluntzean, baiezkoa eman zuen Sherpak, eta atzo izenpetzekoa zen erosketa. Guztira, 2,5 milioi euro ordaindu ditu aktiboen truke.

Akordioari esker, Cegasak Oñatin zuen lantegiak martxan jarriko du, eta, horrekin batera, 130 langilek lanpostuari eutsiko diote. Txanponaren ifrentzua Gasteizen dago. Cegasa taldeak dituen beste 320 langile ez dira akordioan sartzen; horien etorkizuna oso beltza da, ez baitago eroslerik haien produkziorako.

Zorpetzeak itota erori da argindar konpainia historikoa. Orain dela urtebete konkurtso aurrekora jo zuen, hartzekodunei zor zizkien 117 milioi euro ordaindu ahal izateko negozioa berregituratzeko asmoz. Zorraren parte gehiena hamabi bankuko talde batekin zuen. Banku horiek ez zituzten babestu zuzendaritzaren bideragarritasun planak, eta 2014. urteko martxoan Cegasa konkurtsoan sartu zen, 550 langilerekin.

Gasteizko Merkataritza Arloko administrazioa arduratu da konkurtsoa kudeatzeaz. Bitarte honetan Sherpak egin du eskaintza serio bakarra. Salmenta onartzeko epaian industria jarduera bati eusteko «bide bakarra» zela ziurtatu zuen epaileak. Aktiboen truke ordaindutako dirutik aparte, produkzioa sustatzeko beste zazpi milioi euro sartzeko prest agertu zen jabe berria. Horrez gain, kaleratu behar ez dituen 131 langileen kalte-ordainetatik 6,3 milioi aurreztuko ditu. Baldintza gisa, 40.000 eurotik gorako soldatak %15 murriztea jarri zuen Sherpak.

Sibanen laguntzak

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Siban enpresari eman dizkion laguntzak aztertuko ditu, eta, posible balitz, horiek bueltatzeko exijituko dio. Abanto-Zierbenan duen lantokia itxi, eta jarduera eta 50 langileak Kantabriara (Espainia) lekualdatuko du Sibanek. Erabaki horren berri izan ondoren, Bizkaiko Aldundiak dosierra abiatu du, enpresari azken urteotan eman dizkion 100.000 euroak berreskuratzeko asmoz.

Kantabriak enpresei egindako eskaintzak legezkotzat jo ditu EBko justiziak. Jaurlaritzaren zenbait deialditan laguntza eskatu izan du Sibanek, 2003. urtetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.