Arabako beste enpresa historiko batean lan gatazka gogorra pizteko zorian da. Langile batzordeari murrizketa plan gogor bat jakinarazi dio Celsa Atlantic enpresako zuzendaritzak, Laminaciones Arregui ohiak. Neurrien artean kaleratzeak, soldata jaitsiera handiak eta lanaldiak nabarmen luzatzea daude. ELA sindikatuakazaldu du eskaerak onartuta ere ez dela ziurtatzen lantegien geroa.
Celsa Atlanticek bi lantegi ditu Araban: Gasteiz hiriburuan eta Urbina herrian. 1958. urtean sortu zen, Laminaciones Arregui izenarekin, eta metalezko hodiak nahiz zumitzak ekoizten ditu. 1996. urtetik Celsa taldearen eskuetan dago. Bartzelonan du egoitza taldeak, eta besteak beste, Trapagarango Nervaceroren jabea da. Gaur egun, 352 behargin ditu Araban.
Zuzendaritzak argudiatu du Gasteizko eta Urbinako lantegiak ez direla errentagarri, asmoak justifikatzeko. Proposatu dituen neurrien barruan, langileen laurdenak kaleratzeko asmoa iragarri du; 91 pertsona, hain zuzen ere. Kaleratzeak ez ezik, soldatan eta lanaldian murrizketa gogorrak egin nahi ditu. Hala, ordaina %30 murriztu nahi die beharginei, eta urteko lanaldia 104 ordu handitu. Hots, hamahiru lanegun gehiago. Kopuru horrekin 1.820 ordura iritsiko litzateke, legeak baimentzen dion gehienezko kopurua.
ELAk salatu du Espainiako Gobernuak orain dela bi hilabete onartutako lan erreforma baliatu nahi dutela. Era berean, enpresak gaur egun dituen finantza arazoak langileen lepotik ordaindu nahi dituela uste du sindikatuak. «Bankuek ematen ez dioten kreditua langileek ordaindutako zortzi milioi euroko mailegu batekin konpondu nahi du, eta interesik ordaindu gabe».
Soldata igoerarik ez
Azken urteotan lan gatazka ugari izan dituzte Celsa Atlanticen. Langileek egiten duten «ahalegina» nabarmendu zuen ELAk, soldatak 2009. urtetik ez direlako batere igo.
Urte horretan, bi erregulazio eskaera egin zituen Laminaciones Arregui ohiak. Lehenbizikoan ez zuen batzordearekin akordiorik lortu, eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren eskuetan geratu zen azken erabakia. Azkenean, gobernuak erregulazioaren eragina langileen erdietara mugatu zuen, eta gelditutako lanaldiak ere murriztu zituen. Haatik, urtea amaitu baino lehen beste dosier bat abiatu zuen enpresak. Erregulazio hori langile batzordearekin hitzartu ondoren, gutxigatik onartu zen langile batzar batean.
Langileei informazioa bideratuko die batzordeak, eta ELAk iragarri du mobilizazioen alde egingo duela. «Soilik mobilizazio indartsuen bidez izan dezakegu aukeraren bat dugun egoera dramatiko honetatik onik ateratzeko».
ELAk, hala ere, badaki azken lege moldaketek lan baldintzak aldatu eta kaleratze kolektiboak bideratzeko aukerak nabarmen erraztu dituztela eta aurka dituela. «Halako neurri bat hartu baino lehen dauden epeak tramite burokratiko hutsak dira. Hori dela eta, mobilizazio deia egingo diegu beste sindikatuei, eta enplegua nahiz lan baldintzak defendatu nahi dituztenak batuko ditugu». UGTk bederatzi ordezkari ditu batzordean, ELAk bost, LABek bi eta CCOOk bakarra.
Bridgestoneko dosierra
Bridgestone multinazionala prestatzen ari den erregulazio eskaera berriak eragin handia izango du Bizkaian. Basaurin mila langileri eta Usansolon 60ri behin-behinean kontratua etetea nahi du zuzendaritzak. Dosier hori martxan jarriz gero, lantegien jarduera 24 egunez geldituko litzateke Basaurin eta hogei egunez Usansolon, maiatza eta ekaina bitartean.
Hilabete honetan amaituko da orain arte Basaurin indarrean zegoen erregulazioa, eta arrazoi ekonomiko eta produktiboak argudiatu ditu enpresak beste bat eskatzeko. Gelditutako egunen truke soldatak %70 osatzea eskaini du enpresak. Orain arte soldata osoa osatzen zuen.
Kontratuak eten ordez, urte amaierara arte lanaldia eta soldatak %15 murriztea proposatu die Bridgestonek sindikatuei. Aukera horren inguruan hitz egiten jarraituko dute zuzendaritzak eta sindikatuek datorren apirilaren 27an egingo den bileran.
Celsa Atlanticek 91 langile bota nahi ditu eta besteei soldata %30 jaitsi
Errentagarritasun falta argudiatuta, hamahiru lanegun gehiago ezarri nahi dizkie Laminaciones Arregui ohiak behargineiBridgestonek bere dosierrak Basauriko eta Usansoloko 1.060 langileri eragitea nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu