Arabako Celsa Atlantic enpresako langile batzordeak salatu du "jazarpen sindikala" pairatzen ari direla zuzendaritzaren aldetik. ELA eta LAB sinkatuetako lau ordezkarik agerraldia egin dute gaur hedabideen aurrean eta salatu dute diziplina espediente baten bidez kaleratu egin dituztela. Ordezkarien esanetan, zuzendaritzak orain dela hilabete batzuk laneko girotik at jazotako gertaera batzuen ardura egotzi die, "modu faltsu eta manipulatzailean".
Zuzendaritzak, aldiz, langile bakarra kaleratu dutela adierazi du, grebarekin bat egin ez duten langileei "heriotz mehatxuak" egitea egotzita". Batzordeko beste hiru kideei expedientea ireki diela esan du zuzendaritzak. Celsa Atlantic enpresako langileen gehiengoa greban dago.
Sindikatuek adierazi dute enpresak langile batzordeari "eraso zuzenea" egin nahi diola, horiek zuzendaritzaren aurrean men egin dezaten eta hala enplegu erregulazio dosierraren aurkako jarrerari behingoz amaiera jartzeko. Langileek, ordea, bide judizialetik euren lanpostuak defendatzen jarraituko dutela ohartarazi dute zuzendaritza. Hala ere, lau kaleratze horien gainetik, negozioazio prozesuarekin aurrera jarraitu nahi dutela adierazi dute sindikatuek.
Itxaropen izpiak agortzen dituen tirabira
Enpresa Batzordea eta zuzendaritzaren arteko tirabirak aspalditik datoz. Celsa Atlanticek maiatzean langileei iragarri zien Arabako bi lantegiak itxiko zituela, Gasteizkoa eta Urbinakoa, eta 352 langileak kaleratuko zituela. Gero, lantegiak ez ixteko, lan baldintza gehiago onartu beharko zituztela esan zien: 91 langile kaleratzea, soldatak %20 apaltzea, lanorduak gehitzea eta bestelako hainbat malgutasun neurri. Hilabeteak egin zituzten negoziazio prozesuan, ezer lortu gabe.
Hilaren hasieran baina, enpresak eten egin zuen enplegu erregulazio dosierra, eta langileen kaleratzeak geratu. Enpresa batzordearen arabera, Celsa Atlantic "ez da itxiko". Orain arte 101 langileren kontratuak eten ditu enpresak, baina erabaki hori epaitegietara eraman du enpresa batzordeak. Haren ustez, espedientea geratzeak erakutsi nahi du Urbinako eta Gasteizko lantegien itxiera "txantajea" zela, eta fabrikek irekita jarraituko dutela.
Celsa Atlanticek bi lantegi ditu Araban: Gasteiz hiriburuan eta Urbina herrian. 1958. urtean sortu zen, Laminaciones Arregui izenarekin, eta metalezko hodiak nahiz zumitzak ekoizten ditu. 1996. urtetik Celsa taldearen eskuetan dago. Bartzelonan du egoitza taldeak, eta besteak beste, Trapagarango Nervaceroren jabea da.