Cementos Rezolako langileek greban jarraituko dute

Gutxienez, abuztu amaierara bitarte egingo dute greba, orduan indarrean sartuko diren kaleratzeak geldiarazteko asmoz.

Cementos Rezolako langileak, greba hasi zuten egunean, ekainaren 28an. MAIALEN ANDRES / FOKU
Cementos Rezolako langileak, greba hasi zuten egunean, ekainaren 28an. MAIALEN ANDRES / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko abuztuaren 9a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Añorgako (Donostia) Cementos Rezolako langileek greban jarraituko dute Heidelberg Materials taldeak Donostiako plantan abiatu duen enplegu erregulazio txostenaren aurka. Aurreko asteartean jaso zuten zuzendaritzaren azken proposamena, eta ez da langile batzordearen gustukoa izan. LABek bost kide ditu batzordean, eta ELAk lau. «Akordio baterako baldintza izan da, hasiera-hasieratik, kaleratze traumatikorik ez egotea, eta ez da horrela izan», azaldu du Usua Lasa LABeko Gipuzkoako Industria arduradunak.

Zuzendaritzak jakinarazi du azkenean 56 lanpostu kenduko dituela Añorgako plantan; horrek esan nahi du egungo lantaldearen erdia geratuko dela. 23 kaleratuko dituzte guztira: hemezortzi bidegabeko kaleratzeak izango dira, eta, halako kasuei dagokien kalte ordainaz gain, gain sari bat jasoko dute; bost, berriz, inolako akordiorik gabe kaleratuko dituzte, kaleratze arruntak izango dira, eta diru gutxiago jasoko dute.

Horrekin batera, bederatzi langile lekualdatuko dituzte taldeak Arrigorriagan (Bizkaia) duen lantegira, eta beste 24k erretiro aurreratua hartuko dute; hamabostek enpresarekin adostu dute, erregulazio prozesua hasi aurretik, eta beste bederatzi batu dira orain, negoziazioen ondoren erretiroa hartzeko adina aurreratzea onartu baitzuen zuzendaritzak.

Abuztuaren bukaeran eramango dituzte aurrera kaleratzeak, eta lekualdatzeekin irailaren 1ean hasiko dira. Sindikatuek azaldu dutenez, gutxienez ordura arte mobilizatzen jarraituko dute. Ostiral honetan egindako batzarrean parte hartu dutenek «aho batez» erabaki dute grebarekin jarraitzea. «LABek argi dauka kaleratzeak efektibo egin arte enpresak bere erabakia alda dezakeela, eta, ildo horretan, borrokan jarraituko du lanpostuen eta enpresaren etorkizunaren defentsan». ELAk auzitara eramango du erregulazio espedientea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.