Espainiako Kongresuak ontzat hartu du gaur CETA ituna, Kanadaren eta Europako Batasunaren arteko merkataritza libreko ituna. Aldeko 179 boto jaso ditu (PP, Ciudadanos, PDECat, EAJ), eta aurkako 79 (Unidos Podemos, ERC. Bildu...).
Kongresuko saioko protagonista, ordea, PSOEren abstentzioa izan da. Merkataritza libreko akordioen aldekoa izan da orain arte alderdi sozialista, eta Europako Parlamentuan babesa eman zion joan den otsaileko bozketan. Baina Pedro Sanchezek idazkaritza nagusia berreskuratu zuenetik, ezkerrera biratu nahi izan du eta horrek bultzatu du CETA ez babestea, ezkerrean asko baitira itunak multinazionalei baizik ez diela mesede egingo, eta herritarren eskubideak kaltetuko dituela..
“Ituna hobetu daiteke”, argudiatu du eztabaidan Pere Joan Pons bozeramaile sozialistak. Gaineratu duenez, merkataritza librearen aldekoa da PSOE, baina “mugak zabaltzeaz gain, eskubideak bermatzen dituen itunak” eskatu ditu. "Ez ditugu inoren lezioak onartuko. Mugarik gabeko globalizazioaren, autarkiaren eta bidezko merkataritzaren artean, hirugarren aukerarekin geratzen gara". ,
PSOEren erabakiak kritikak jaso ditu, eskuinetik zein ezkerretik. Jarrera aldaketa aurpegiratu dio Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko lehendakariordeak. "Batzuek, oposizioa egitearren, euren buruari egiten diote oposuzioa. Ezin da ekidistantziarik gorde Europa gehiagoren eta populismo gehiagoren artean, Europa gehiagoren edo Marine Le Pen gehiagoren artean, edo Europa gehiagoren eta Pablo Iglesias gehiagoren artean".
Ezkerretik, berriz, Pablo Bustinduyk ziurtatu du motz geratu dela PSOE, haren bidez ez duelako eragotzi Kongresuak CETA oztopatzea. “Horrelakoak aurrera egitea ahalbidetzen duen abstentzio horietako bat da”.
Dagoeneko indarrean
CETA ituna joan den urtearen amaieran sinatu zuten EBk eta Kanadak, eta orduz gero indarrean daude haren atal batzuk. Osorik ezartzeko beharrezkoa da EBko botere legegileen onespena jasotzea. Europako Parlamentuak otsailaren 15ean onartu zuen (408 boto alde, 254 aurka, eta 33 abstentzio), eta orduz geroztik estatukideen parlamentuen txanda da. Belgikako eskualdeetako ganberek eta hizkuntz komunitateetako ganberek ere bozkatu behar dute, eta oraindik ez dago ziurtatuta galbahe hori gaindituko dutenik: Valoniako Parlamentuak sinadura atzerarazi zuen udazkenean, eta berriro egin dezakeela ohartarazi du. Legebiltzar batek bakarrak akordioari ezezkoa esateak ituna osorik blokeatuko luke, eta ez soilik estatuek dituzten eskumenen partea.
CETAk %99 txikituko ditu Kanadak eta EBk elkarri saltzen dizkioten produktu eta zerbitzuei ezartzen dizkieten muga-zergak. Produktu batzuk, ordea, akordiotik kanpo geratuko da: oilaskoen eta arrautzen elkartrukeak itxita jarraituko du, eta mugak izango dituzte beste zenbait produktuk, hala nola, EBko txerri eta txekor haragiek, eta Kanadako esnekiek. Halaber, atea irekitzen die bloke bateko zein besteko enpresei bestearen kontratu publikoetan parte hartzeari, eta inbertsioetarako trabak kenduko ditu.
Japonia gertu, AEBak urruti
Kanadarekikoa ez da EBren merkataritza libreko itun bakarra. Asko ditu indarrean: Amerikan (Mexiko, Ertamerika, Kolonbia, Ekuador, Txile, Peru...), Afrikan (Aljeria, Maroko, Egipto, Hego Afrika, Kamerun...), Europan (Suitza, Ukraina, Serbia, Bosnia...) eta Asian (Hego Korea).
Baina horiek baino inportanteagoak dira EBk bilatzen dituen akordioak, potentzia ekonomiko handienekin artean ez baitu merkataritza libreko akordiorik. Iristen hurrengoa Japoniarekikoa izan daiteke, iturri batzuen arabera, aurki. Urtero 150.000 milioi euro trukatzen ditu EBk Asiako herrialdearekin, Kanadarekin baino %63 gehiago. Japoniaren lehentasuna da bere esportazio nagusiek ordaintzen dituzten muga-zergak desagertzea —autoek %10 ordaintzen dute, eta tresneria elektrikoek %14—; Europak, berriz, elikagaiak esportatu nahi dizkio Japoniari, eta bere jatorri izen geografikoak babestu.
Askoz etorkizun ilunagoa du EBk Ameriketako Estatu Batuekin negoziatutako itunak, TTIP izenekoak. Negoziazioak nekez egin zuen aurrera Barack Obamaren garaian, eta orain “hozkailuan” dagoela onartu du EBk berak, Donald Trumpek zer egin nahi duen erabaki arte.