«CGTk emaitza onak lortu behar ditu, negoziazioetan pisua ukan dezagun»

Lan Auzitegiko hauteskundeen kari, SNCFko langile eta CGTko kide Jean-Francois Mentaberri merkataritza kolegioko zerrendan aurkeztuko da. Azken urteetan Lan Auzitegiko kontseilari kargua ukan du.

ENEKO BIDEGAIN
2008ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Inportantena bozkatzea» dela dio Mentaberrik. «Langileek erakutsi behar dute justiziaren baitan sinesten dutela».

Zein dira CGTren helburuak?

Emaitza hoberenak lortzea, lehenik. Hori garrantzitsua da, sindikatuen errepresentatibitatean eragina daukalako. Gobernuari erakutsi behar diogu jendeak CGTk egiten duenaren baitan sinesten duela eta CGT erreferentzia bat dela. Hauteskunde hauetan emaitza onak lortu behar ditugu, gero, gobernuarekiko negoziazioetan pisua ukan dezagun. Ohituak ziren sindikatu txikiekin akordioak izenpetzera eta beste guztiei inposatzera. Sindikatu nagusia bagara, gurekin negoziatu behar dutela erakutsi nahi dugu.

Zein argudio ematen duzu, CGTren alde bozkatzeko? Zer ekartzen du CGTk, beste sindikatuekin konparatuz?

Defentsa handia ekartzen du. Jendeak ezin du ikusi Lan Auzitegian nola pasatzen den. Haien dosierra eramaten dute, eta ez dute ikusten nor duten aitzinean, eta zer defentsa izanen den gibelean. Guk, barnetik, ikusten dugu CGTk defentsa handia egiten duela langileen alde, anitz borrokatzen da dosierrak irabaz daitezen... Ez dut erraten besteek ez dutela egiten. Besteek ere egiten dute, baina guk pixka bat gehiago egiten dugu. Anitz sinesten dugu gure arduraren baitan, eta bururaino borrokatzen gara. Indarrak egiten ditugu Lan Auzitegira doan langilea berriz ere bere lanera egoera normalean itzultzeko.

Azken urteetan aldaketa anitz izan da lege aldetik. Horren ondorioak nabaritu dituzue Lan Auzitegian?

Lege batzuen eragina zuzenean sentitzen dugu. Lan Kontratua aplikatzeko moduan gauza batzuk aldatzen badituzte, zailtasunak sortzen dizkigute, lege berrira egokitu behar garelako. Baina ikusi dugu azken mementoetan atzera egin izan dutela. Enplegu Berriaren Kontratua (CNE) legea onartu zuten, nahiz eta gu ez ginen ados. Baina CNE ez zetorren bat Europako eta nazioarteko legeekin. Lan Auzitegian CNEren kontrako erabaki batzuk hartu dira, eta azkenean lortu dugu CNE zikin-ontzira botatzea. Lege berriekin gauzak aldatzen dira, baina batzuetan lortzen dugu aurka joatea. Hots, gure pisua badugu.

Udazken honetan, sindikatu guztiak hauteskundeak prestatzen aritu zarete. Udan erreforma bat egin dute 35 orenei buruz; orain igandeetan lan egitea aipatzen da, erretreta 70 urtetan... Dosier horiek ikusirik, nolako udaberria izanen da?

Nik maitatuko nuke langileek indar anitz erakustea, baina orain ezin dugu erran erantzun ona ematen dutenik. Krisian sartu gara, eta, horregatik, enpresak ahalegintzen dira gero eta langile gehiago kanporatzera, kanporaketa horiek krisiaren bizkar egiteko. Guk ez dugu batere sinesten. Hori aitzakia da. Memento zailak etorriko dira, eta hor izan behar dugu. Gobernua ez da batere langileen aldekoa, eta espero dugu langileak mugituko direla eta lortuko dugula gauzak aldatzea.

Krisia dela eta, diru anitz eman dute bankuak salbatzeko. Estatuek bat-batean diru anitz atera dute, duela ez hain aspaldi, eros ahalmena ez igotzea justifikatzeko, erraten zutenean kutxak hutsik zeudela. Horrek langileen haserrea eragin du?

Jendeak ezin du ulertu zergatik erran duten gizarte segurantzarentzat edo erretretentzat ez dela dirurik, eta bat-batean milioika euro aurkitu duten bankuetan ezartzeko. Nahitara dauzkate gizarte segurantzako eta erretretako kutxak zorpean, langileei errateko gerrikoa beti eta gehiago estutu behar dutela, eta soldata ezin dietela igo azaltzeko. Azkenean, soldatak ez igotzean, urteak pasatu arau, kontsumoa erori da; bat-batean, ikusten dugu haien sistemak ez duela batere funtzionatzen. Finantzen sistema hori ez dabil, baina haiek dirua ematen dute sistema atxikitzeko. Krisia pasatu eta gero, berriz sistema berarekin hasiko gara. Nork sortzen du diru hori? Guk, lan indarrak. Eta haiek guk sortzen dugun aberastasuna erabiltzen dute. Guk galdetzen dugu lanaren indarrari bere balioa berriz eman diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.