Iragan astean, Manuel Valls lehen ministroak onartu egin zuen Medef patronalaren eskaeretako bat, eta atzeratu egin zuen lan gogorra egiten dutenek erretiroa aurretik hartzeko tresna indarrean jartzeko unea.
Erabaki horrekin sindikatuekin hartutako konpromisoak hautsi dituela uste dute langileen ordezkariek, eta haietako bik —CGTk eta FOk— Konferentzia Sozialaren biharko zatiari boikot egitea erabaki dute. Konferentziari hasiera eman dion gaur arratsaldeko bileran, ordea, bai hartu dute parte. Beste sindikatu nagusiak, CFDT erreformistak, parte hartuko duela agindu du, baina haserre dagoela argi utzi du.
Aurreko astean boikotarekin mehatxu egin zuten bi patronal nagusiek, Medef enpresa handienak, eta CGPME enpresa txiki eta ertainenak.
Sindikatuekin lehen bilera bat egin ondoren, Hollandek hitzaldia eman du. Elkarrizketa sozialaren defentsa egin du Frantziako presidenteak, "erreforma egutegi bat ekartzen duelako" eta erabakiak negoziazioen bidez hartzea baimentzen duelako.