Chryslerrek, Ameriketako Estatu Batuetako auto ekoizletan hirugarrenak, porrot egin du. Porrot egin baino gehiago, Porroten Legearen babesari heldu zion atzo, New Yorken (Hegoaldeko Konkurtso Legearen parekoa). Ez du akordiorik lortu hartzekodun guztiekin zorra kitatzeko, eta Porroten Legera jo behar izan du. Hala ere, Chryslerrek, AEBetako Gobernuak presionatuta, akordioa lortu du Fiat auto ekoizle italiarrarekin, eta horrek zulotik aterako duela espero dute.
Chryslerrek akordiorako oinarria lortu zuen langileekin. Hitzarmenaren arabera, langileen esku geratu da enpresaren %55 eta Fiati dagokio %20 (%35 arte handitu daiteke). Gainerako zatia, berriz, AEBetako Gobernuaren esku geratuko da.
Baina konpainiaren etorkizuna bermatzeko hartzekodunekin akordioa lortzea falta zen. Gaurko eguna zen epemuga, eta ez zuen lortu. Hartzekodun nagusiak lau banku dira, beraiekin baitu zorraren %70. Bankuekin akordiorako oinarria lortu zuen zorra kitatzeko: 2.000 milioi dolar dirutan 6.900 milioi dolarreko zorraren truke. Baina indarrean sartzeko hartzekodun guztiek onartu behar zuten, eta ez zen hala gertatu: hartzekodun batzuek, funts espekulatzaileek, ez zuten onartu. Haien esanetan, langileek ahalegin txikiagoa eginda etekin handiago lortu zuten. Funts espekulatzaileen jarrerak Barack Obama haserretu du. Beraiei leporatu die Chryslerrek Porroten Legera jo behar izatea.
AEBetako Gobernuak 8.000 milioi dolarreko laguntza aurreikusi du Chryslerrentzat, berregituratzeko. Hilabete edo bi hilabeteko prozesua espero du zulotik atera eta konpainia zamarik gabe birsortzeko. Ez du aipatu kaleratze kopururik.
Chryslerrek Porroten Legeari heldu dio, baina Fiatekin ituna lortu du
AEBetako Porroten Legera jo behar izan du, ez baitu akordiorik lortu zorra kitatzeko funts espekulatzaileekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu