Sakrifizioen garaia iritsi da finantza erakundeetara, baina guztiei ez die berdin eragingo. Citigroupeko 50.000 langilek beraien lanpostuekin ordainduko dute finantza krisia; Goldman Sachs eta UBS bankuetako goi buruzagiek, berriz, urte amaierako sari bereziak ahaztu beharko dituzte.
Citigroup da, alde handiz gainera, duela 15 hilabete finantza sektorean sortutako krisiaren inguruan neurri bortitzenak hartu dituen bankua. Azken hilabeteotan 23.000 lanpostu kendu ditu, baina, Vikram Pandit presidenteak atzo iragarri zuenez, beste 50.000 langile kenduko ditu, bankua datorren urtean irabazietara itzul dadin.
Guztiak ez dira, ordea, kaleratzeak izango. Citigroup zenbait adar saltzen saiatuko da,horien artean Alemaniako adar komertziala eta Indiako bulegoak.
Nahiz eta burtsan balioaren ia %70 galdu duen aurten, Citigroup da gaur egun munduko bankurik handienetako bat. 352.000 langile zituen irailean eta kaleratzeen ondotik ere 300.000 izango ditu. Azken 12 hilabeteotan 20.000 milioi dolar galdu ditu, batez ere subprime maileguetan oinarritutako aktiboetan egindako inbertsioek balio osoa galdu dutelako. Citigroupek eutsi ahal izan dio bere adar komertziala errentagarria delako, eta 75.000 milioi dolarreko kapitala jaso duelako. Horietatik herenaAEBetako Gobernuak eman dizkio. Baina etorkizuna bermatze aldera, Citigroupek bere gordailuak handitu behar ditu. Wachovia erosten saiatu zen, baina Wells Fargok aurrea hartu zion.
Citigroupen iragarpenarekin,200.000 lanpostutik gora galdu dira finantza erakundeetan 2007ko abuztuaz geroztik. Azken astean, Royal Bank of Scotlandek jakinarazi du inbertsio adarreko 3.000 langile kenduko dituela, eta Morgan Stanleyk 2.000 kaleratze iragarri ditu.
Soldatekin zer?
Ikusteke dago orain Vikram Panditek eta bere taldeak zer erabakitzen duten beraien soldatei buruz. Izan ere, AEBetako eta Europako bankuek dirutza publikoa jaso dute porrot egitea eragozteko, baina trukean eskatzen ari dira bankuetako goi arduradunen soldatei muga jartzea.
Presioaren ondorioz, eta krisi garaian akziodunen eta herritarren aurrean agerian ez geratzeko asmoak bultzatuta, Goldman Sachsek eta UBSk iragarri dute aurten ez dietela bere arduradun nagusiei gainsaririk ordainduko. Iaz 68.500 milioi dolar poltsikoratu zituen Lloyd Blankefein Goldman Sachseko buruak.
Goldman Sachsek ez du galerarik izan, baina 10.000 milioi dolarreko kapitala jaso du AEBetako Gobernutik. Diru horrek ez du behartzen gainsariak kentzera, baina, hala ere, New Yorkeko fiskalburuak eta zenbait kongresukidek iragarri dute jazarri egingo dituztela diru publikoa exekutiboen gainsariak ordaintzeko erabiltzen dituzten bankuak.
Citigroupek beste 50.000 lanpostu kenduko ditu
Goldman Sachsek eta UBSk erabaki dute aurten bere goi buruzagiei gainsaririk ez pagatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu