CiUri eta CCri esker, erreforma onartu du Kongresuak

Finantza sistema indartzeko dekretua kritikatu du ezkerreko oposizioak, eta PP eta EAJ abstenitu dira

Ivan Santamaria.
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Finantza sistema indartzeko asmoz Espainiako Gobernuak egindako erreforma aurrera atera zen Kongresuan. PSOEko babesetik aparte, CiU eta CCren aldeko botoak lortu zituen Ekonomia Ministerioaren proiektuak. Ezkerreko oposizioak gogor kritikatu zuen ekimena, eta PP nahiz EAJ abstenitu ziren.

Ohitura bihurtu du Zapateroren gobernuak ekonomia eta lan arloko erreformak lege-dekretu baten ezohiko formularen bidez tramitatzea. Ganberak testua bere horretan onartzea edo ez bozkatu behar zuen, zuzenketak sartzeko inolako aukerarik gabe. Atzo, behintzat, beste bozketa batzuen aurretik izan zituen estuasunak alboratzea lortu zuen, aldez aurretik CiUren aldeko boza negoziatu eta hitzartu zuelako.

Erret lege-dekretuaren formula erabili izana justifikatu zuen Elena Salgado Ekonomia ministroak, saioaren hasieran. Salgadoren ustez, premiazko erreforma da, nazioarteko merkatuen ezinegona baretzeko. Finantza sistemari lotutako hirugarren moldaketa izango da legealdian.

Gobernuak ziurtatu du erreformaren bidez finantza sistemak hazkunde ekonomikoari laguntzea ahalbideratuko dela, «kreditua enpresa ertain eta txikietara nahiz familietara iritsi ahal izateko», ministroaren hitzetan.

Erreformaren helburuekin ados daudela nabarmendu zuen Josep Sanchez Llibre CiUko legebiltzarkideak, aldeko botoa azaltzeko. Hori bai, finantzazioari buruz esaten dena betetzen den edo ez egiaztatzeko «jarraipen zehatza» egingo dutela iragarri zuen. «Laguntza jasotzen duten erakundeek enpresen finantzazioa handitu behar dutela dio testuak, eta hori betetzen dela ikusi nahi dugu». Ezkerreko oposizioko alderdiek aurka bozkatu zuten, eta aurrezki kutxen betiko nortasuna lurperatzeko saioa dela ohartarazi zuten.

BBK, Kutxa eta Vital biltzearen aldeko konpromiso argia hartzeko exijitu zion EAJk Espainiako Gobernuari, erreformaren alde egiteko. Asteazkeneko saioan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak erabakia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hartu beharko dela ziurtatu zuen. EAJko bozeramaileak, Pedro Aspiazuk, ez zuen auzia aipatu, eta erkidegoen eskumenengan izango duen ondorio zalantzazkoetan oinarritu zuen abstentzioaren erabakia.

Finantza sektoreko aurreko bi moldaketak PPrekin hitzartu zituen PSOEk. Atzokoan, ordea, ez zuten popularren babesik lortu. Cristobal Montoro legebiltzarkideak ez dela haiekin negoziatu nabarmendu zuen. Edozein modutan, gobernuari babesa ematea «agonia luzatzea» dela aldarrikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.