Fagor

CNA eta Fagor taldea aurrez aurre egon dira epaitegian

CNA salatu du Fagor S. Coopek, markaren erabileraren ituna baliogabetzeko. Epaileak erabaki bat hartuko du egun gutxian.

Jorge Parlade CNAko burua, Fagor markaren marketing ekitaldi batean. CNA GROUP
xabier martin
2018ko apirilaren 10a
13:37
Entzun

Fagor taldeak pauso bat aurrera eman zuen aurreko urteko hondarrean Edesa Industrialekin duen markaren inguruko kontratuaren harira, eta logikak agintzen duen norabidean eman zuen. Edesaren konkurtsoa daraman epaitegira jo zuen, Fagor Etxetresnak kooperatibaren lekukoa hartu zuen enpresak kontratuaren baldintzak urratu dituela salatzeko. «Markaren erabileraren eta kokagunearen gainekoak ez dira bete, eta enplegua sortzeko eta mantentzeko konpromisoari lotutako akordio ekonomikoak ere ez», adierazi zuen Fagor S. Coopek. Horregatik, kontratua bertan behera uzteko auzi eskea egin zuen Donostiako epaitegian.

Bada, aurrez aurre egon dira aldeak gaur goizean, Donostiako Merkataritza arloko epaitegian. Ordubete iraun du epaiketak, eta luze gabe jakingo da zein den haren emaitza. Epaileak CNA euskal marka erabiltzeko aukerarik gabe uztea espero dute auzia ezagutzen dutenek, begien bistakoa delako enplegu sorkuntzari begira, ez dela bete akordioa.

Fagor taldeak ez du oraindik erabaki etorkizunean marka beste aktoreren bati utziko ote dion ala ez, baina garbi dauka CNA taldearekin egindako akordioa kaltegarria izan dela, Edesa Industrialen kudeaketa okerrak ez diolako soilik Edesari kalte egin; Fagor taldeko hainbat enpresatan ere eragina izan du, marka hori darabiltenetan gehienbat. Orain, Edesaren konkurtsoa daraman epaileak markaren auzia ixtea espero du Fagor S. Coop. taldeak eta, ondoren, jarduera sortu nahiko lukeen ekimenik balego, aztertuko luke marka berriro uztearen inguruan.

Enplegu helburuak eta irudiaren arazoa

Edonola ere, epaileak informazio objektiboa izan du kontratuari buruz erabakitzeko. 2014an CNArekin egindako kontratuaren arabera, Edesa Industrial adarrak konpromisoa hartu zuen urteko langile kopurua 350 baino txikiagoa ez izateko, eta hortik beherako edozein kopuru kontratua bertan behera uzteko arrazoia zen.

«Lanpostuak babesteko, Fagor S. Coopek tasa ekonomikoak ezarri zizkion Edesa Industriali; 700 lanpostu baino gehiago sortzea aurreikusten zuen planak», gogoratu zuen taldeak, salaketa jarri zuen egunean. Kopuru horiek betez gero, Edesa Industrialek marka erabil zezakeen ezer ordaindu gabe. Fagor Etxetresnak kooperatibak utzitako langabe kopuruaren testuinguruan egindako ituna izan zen, eta abantaila handikoa Edesa Industrialentzat. «Enplegu mailako bere helburuak bete ezean, aurrez hitzartutako kopuru batzuk ordaindu behar zituen marka erabiltzeagatik».

Hori guztia bete ez denez, Fagor S. Coop. taldeko Kontseilu Nagusiak kontratua etetea deliberatu du, «hitzartutakoa behin eta berriz ez dela bete eta Fagor markaren izenarengan eta egonkortasunarengan dituen ondorioak ikusita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.