Kataluniako Cata taldeak (CNA) Fagor Etxetresnen etxetresna txikien eta egosketa atalak nahi ditu. Horretarako eskaintza egingo die bihar Fagor Etxetresnen administratzaile konkurtsalei, prozesuko iturriek Efe agentziari esan diotenez. Cata taldeak 16 milioi euro eskainiko ditu Fagor Etxetresnen Garagartzako (Arrasate) eta Eskoriatzako lantegien truke. Egosketarako produktuak egiten dituzte Arrasaten; presio eltzeak Eskoriatzan. Pedro Malagon epaileak eskaintza onartuz gero, Catak 500 lanposturi eutsiko lieke. CNA taldeak etxetresnak egiten ditu, eta bereak dira Cata, Nodor eta Apelson markak.
Orain arte Aljeriako Cevital taldeak egina zuen Fagor Etxetresnen Frantziako markak eta lantegiak erosteko eskaintza. Baina eskaintza horretan kolokan zegoen Fagor Etxetresnen Euskal Herriko lantegien etorkizuna. BERRIAk igandean aurreratu zuen Cevitalek Cata bidelagun hartu duela eta Catak bete egin dezakeela Cevitalen eskaintzaren hutsunea.
Fagor Etxetresnen etorkizuna, Donostiako epaitegietan bakarrik ez, Nanterrekoetan ere erabakiko da. Nanterreko epaitegiak ostiralean erabaki behar du Cevitalen eskaintzaz: ehun milioi euro Vendomeko eta Orleanseko lantegiak erosteko. 1.200 lanpostu dira guztira. Cevitalek, baina, lantegiez gain Fagor Etxetresnen Frantziako markak ere nahi ditu, eta Donostiako epaitegiak diru gehiago eskatu dio marken truke. Cevitalek 25 milioi euro eskaini zituen De Dietrich, Sauter, Vedette, Brandt eta Easycook markak eskuratzeko. Pedro Malagon epaileak, ordea, 35 milioi euro eskatu zizkion, bermatzeko Cevitalen eskaintzak eragina izango zuela Arrasateko eta Eskoriatzako lantegietan, hau da, enplegua sortuko zuela Euskal Herrian. Cataren eskaintzak korapiloa askatzen lagundu dezake.