Enpresak

Condesa bankuen eta Arcelorren esku geratzea onartu du EBk

Altzairu enpresak 660 langile ditu Araban eta Nafarroan.

Condesako langileen elkarretaratzea. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2016ko otsailaren 1a
08:54
Entzun

Condesak 2014an jo zuen hartzekodunen konkurtso aurrekora, bere zorrei aurre egiterik ez zuelako. Urte horretako azaroan, enpresaren banku hartzekodunen eta ArcelorMittal bezeroaren artean banatzeko hitzezko akordioa lortu zuten. Iazko uztailean sinatu zuten: %33 izango zuen ArcelorMittalek, eta %67 banatu behar zuten bederatzi bankuren artean: BBVA, Sabadell, Santander, Popular, Bankia, Caixabank, Bankinter, Nafarroako Rural Kutxa eta Kutxabank.

Operazioak Europako Batzordearen oniritzia behar zuen, ArcelorMittal Europako eta munduko altzairugile handiena izanik monopolio arauak urra zitzakeelako. Hala ez dela erabaki du gaur Bruselak, "ez baitu merkatuaren egitura nabarmen aldaraziko".

Salmenta prozesua hainbeste luzatu izanak Condesari kalte handia egin diola salatu dute langileek. Ostiralean ziurtatu zuten enpresak ez duela industria planik, eta "nora ezean" dagoela. Enpresari beste arazo bat gehitu zaio orain: Sestaoko ACBren altzairu bobinen ekoizpenaren %30 jasotzen zuen, harekin tutuak egin ahal izateko.  ArcelorMittalek aldi baterako baina eperik gabe itxi du Sestaoko fabrika, Txinako altzairu dumping-arekin (kostu azpiko salmentak) lehiatzerik ez duelako. Igandean milaka lagunek manifestazioa egin zuten Sestaon itxieraren aurka.

Condesak Gasteizen du egoitza nagusia, eta beste bat lau lantegi ditu Euskal Herrian: bi Legution (Araba), eta bana Lesakan eta Berriobeitin (Nafarroa). Guztira 660 lagun enplegatzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.