Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hazkunde ekonomikoaren 2011ko aurreikuspena bost hamarrenetan jaitsi du Confebaskek. Joan den abenduan %1,3ko hazkundea aurreikusi bazuen aurtengo, orain %0,8koa izango dela uste du patronalak. Bigarren seihilekoan lan erritmoa jaitsi egin dela sumatu dute, eta hori dela eta, Europako ekonomiaren batez bestekoaren azpitik hazten ari da ekonomia. Horregatik egin du behera hazkundearen aurreikuspenak ere. Era berean, urtea amaitzen denerako EAEn lau mila lanpostu galduko direlaaurreikusi du patronalak, langabezi tasa Europako Batasuneko bataz bestekoaren parean ezarriz: %10,8an.
Egoera aldatu dadin, «egiturazko erreforma garrantzitsuak» eskatu dizkio Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak azaroaren 20an Espainian egingo diren hauteskude orokorretatik irtengo den etorkizuneko gobernuari. Izan ere, orain arte egin diren erreformak «oso epelak» izan dira haren ustez, eta ez dute «lanpostuak sortzeko balio izan». Hartu beharreko neurriak zeintzuk izan beharko liratekeen zehaztu ez arren, malgutasunaren ildotik jo beharko litzatekeela uste du Lujuak,«enpresetako jarduna errealitate ekonomikora egokitu dadin».
Horretaz gain, etorkizunean ongizate estatua egoera ekonomikoaren arabera aldatu beharko litzatekeela ere adierazi du Confebaskeko presidenteak. «Ezin dugu diru sarrera altuak genituen garaiko gastu publikoa mantendu», berretsi du. Ondarearen gaineko zerga aldatzearen inguruan ematen ari den eztabaida, bestetik, hauteskunde aurreko garaian eztabaidatzea «ezegokia» dela uste du Lujuak, «politika fiskalak kontsentsua eta denbora» behar duelako.
Euskal esparruan eman beharreko pausuen inguruan, inbertsio produktiboa eta enpresa txiki eta ertainak babestea eskatu du Confebaskek. Horretaz gain, enpresen babeserako politika publikoak itzul daitezela eskatu du Lujuak, era horretan, «susperraldi ekonomikoa ematen denerako euskal ekonomia ongi kokatuta egon dadin».
Diputazioarekin, «harrituta»
Jose Maria Iruarrizaga, Bizkaiako Ogasun diputatuak orain dela gutxi egin dituen adierazpenen inguruan, Confebaskeko presidentea «harrituta» eta «desilusionatuta» agertu da. Diputazioek 90eko hamarkadan enpresei emandako laguntza fiskalak Europako Batasunak legez kanpotzat jo ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako laguntza horiek itzultzeko eskatu du. Jokabide hori, irizpide aldaketatzat jo du Lujuak, «Diputazioak beti esan izan baitu enpresek behar den bezala jokatu zutela».
Eskaera horri enpresa askorentzat «desastrea» izan daitekeela aurreikusi du patronalak, «testuinguru ekonomiko eskas honen erdian». Egoera horrek burtsan kotizatzen duten enpresei ere eragin diezaiekeela ere uste du, euren etorkizunaren inguruko kezka sorraraziz.
Confebaskek %0,8ra jaitsi du 2011ko hazkunde aurreikuspena
Urte amaierarako, lau mila lanpostu galduko direla uste du patronalak, langabezia %10,8an ezarriz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu