Confebaskek «begirada fiskal berria» nahi du, lehiakortasuna hobetzeko

Enpresarien elkarteak zergak ordainduko dituzten «enpresa eta pertsona gehiago» egotea sustatuko duten neurriak eskatu ditu. Ez du zehaztasunik eman, baina agiri bat prest du bere proposamenekin

Isabel Busto Confebaskeko aurreko presidentea eta Tamara Yague kargudun berria elkarri bostekoa ematen, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Zerga sistemaren erreforma izan daiteke udazken eta negu parteko korapilo politiko handietako bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Foru hauteskundeak igarota, jokaleku politikoa argiago dago, eta fiskalitatearen auzian murgildu daitezke erakundeak zein elkarteak. Hipotesi horri begira, Confebask bere eragin ahalmena zabaltzen hasia da, eta eskumen fiskalak «enpresa lehiakortasuna eta Euskadiren erakargarritasuna indartzeko baliatzeko» eskatu du publikoki. Patronalak ez du neurririk eman, baina azaldu du proposamenak prest izango dituela eskatzen dizkiotenerako.

Confebaskek udako Kontseilu Nagusia egin zuen atzo Bilbon, eta bertan berretsi zuten Tamara Yague izango dela presidentea hurrengo lau urteetan. Isabel Bustoren lekukoa hartu du karguan, eta lehen agerraldi publikoa egin zuen Euskalduna jauregian. Azaldu zuen ekonomia «espero baino hobeto» doala, baina egoera ez dagoela inondik ere egonkortuta, eta motelaldia espero dela udazkenerako. Halaber, nabarmendu zuen hamar enpresatik zortzik ez dutela aurreikusten lanpostuak gutxitzerik.

Agerraldiaren zatirik mamitsuena «erronkei» buruzkoa izan zen. Erakunde publikoei «begirada fiskal berri bat» eskatu zien Yaguek: «Ez dut esan nahi gutxiago ordaindu behar denik, baizik eta hobeto ordaindu behar dela. Hazkunde ekonomikora eta aberastasunaren sorrerara bideraturik». Enpresa eta pertsona gehiagok zergak ordaintzea da elkartearen helburua. Ez zuen neurri zehatzik eman, baina iragarri zuen «agiri bat» prestatzen ari direla ogasunek proposamenak eskatzen dizkietenerako.

Gai berean, aldarrikatu zuen enpresek «irabazi legitimoak» lortzen dituztela, eta haiek «gizarte dibidendua» sortzen dutela enpleguaren, inbertsioaren, garapenaren eta zergen bitartez. Halaber, salatu zuen egun aurkako bidean doala «diskurtso politikoaren zati handi bat», eta alderdi eta hedabide batzuek enpresarien irudiari kalte egiten diotela.

Beste erronka handia demografikoa da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langile gabezia dagoela. Berriz esan zuen hamarkada bat barru 140.000 pertsona beharko direla hutsuneak betetzeko, eta «lan egiteko pertsonak» erakartzeko estrategia bat eskatu zuen. Alde horretatik, ñabardura bat egin zuen: «Ez da babes bila datozenei atea ixtea, guztiz aurkakoa. Ate berri bat irekitzea bizik». Eta zein da ate hori? Yaguek azaldu zuen haien agirian proposamen zehatzak dituztela fiskalitatea erabiliz «talentua» erakartzea erraztuko luketenak.

Gazteen «deskonexioa»

Eskulan gabeziaren gaian sakonduz, kritikatu zuen «deskonexio» handia dagoela euskal gazteen nahien eta enpresen beharren artean: «Lanbide Heziketan izena emanda dauden gazteen %25ek eta unibertsitatean dihardutenen %55ek enpresen beharretatik urrun dauden graduak aukeratzen dituzte». Zehaztu zuen bokazio industrial gehiago behar direla, eta gabezia ez dela soldaten errua: «Beharra dagoen arlo horietan soldatak batezbestekoak baino hobeak dira».

Horiekin batera, enpresariek dituzten beste hiru ardura nagusiak izendatu zituen: errentagarritasun galera, are nabarmenagoa dena «soldaten eta kotizazio sozialen igoerarengatik», absentismoa, eta interes tasak. «Finantzaketa lortzea asko zailtzen ari da. Azken urtean interes tasak laukoiztu egin dira».

Azkenik, eta aspaldiko partez, enpresarien elkarteak ez zituen lan gatazkak aipatu, guztiz aurkakoa baizik. LHK Lan Harremanen Kontseiluaren datuak eskuan hartuta, txalotu zuen egun inoizko adostasun mailarik handiena dagoela enpresarien eta langileen artean. Zergatiak galdetuta, elkarrizketa sozialaren garrantzia aipatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.