Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Roberto Larrañaga Confebask patronaleko presidenteak sinatu eta aurkeztu dute akordioa, gaur goizean, Lehendakaritzan.
"Enplegu gehiago eta hobea" sortzeko helburua partekatzen dutela azaldu dute biek, eta, ideia hori bideratzeko asmoz, bost alorretan lan egingo dute: lan bitartekaritza, gazteen enplegua, krisian dauden enpresetan lanik gabe geratzen diren pertsonak beste postu batean kokatzea, trebakuntza eta lanerako orientazioa, eta enpleguaren kalitatea nahiz emakumeak lan merkatura bideratzea.
2018-2020 eperako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan merkatuak izango dituen beharrak dira itunaren oinarria. Behar horiek patronalak berak egindako inkesta batean identifikatu dituzte.
Hala, Confebaskek kalkulatu du datozen hiru urteotan 100.000 lanpostu betetzeko aukera sortuko dela. Hamarretik zazpi enplegu berriak izango dira, ekonomiaren jarduera handitzeari esker sortutakoak, eta beste hiru belaunaldi erreleboak azaleratuko ditu.
Aurten bertan 30.000 lanpostu aterako dira merkatura. Erdiak inguru lanaldi osoko kontratu mugabeak izango dira, Larrañagaren arabera. Kualifikazio ertain eta handiko lanpostuak izango dira nagusi: %48 Lanbide Heziketako erdi eta goi zikloetakoak dira, eta beste %28, unibertsitate ikasketekin lotutakoak. Ingeniarien beharra azpimarratu du patronalak.
Lanpostuak betetzeko zailtasunak
Inkesta erantzuten duten enpresei galdetu zaie zer bilatzen duten lanpostuetarako hautagaietan. "Jarrera, prestutasuna eta interesa" izatea litzateke lehentasun handiena, prestakuntza egokiaren eta esperientziaren aurretik. Adina edo kontratatzeko laguntzak soilik hamar enpresatik bati interesatzen zaizkio.
Langabezia tasa esanguratsua bada ere, hamar enpresatik zazpirentzat "kezkagarria" da lanpostuak betetzeko duten zailtasuna. Kasu horretan, kezka handiena da "prestakuntza eta espezializazio" falta, eta ondoren dator esperientziarik eza. Jarrera, prestutasun eta interes falta da hirugarren arazo handiena lanpostuak betetzeko, enpresaburuen irudiko.