Confebaskek salatu du zerga erreforma zama dela enplegua sortzeko

Sozietate zergaren tasa nominala «modu mailakatu batean» Espainiakora hurbiltzea proposatu du Roberto Larrañagak. Lau puntuko jaitsierak 6.000 lanpostu sortuko lituzkeela argudiatu du

Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Confebask patronalak argi utzi du ez dagoela gustura EAJk eta PSE-EEk hitzartutako zerga erreformarekin. «Hanka sartzea» iruditu zaio Roberto Larrañaga Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronal bateratuko presidenteari. «Krisiaren irteera egonkortu baino gehiago, hazkunderako, enplegu sorrerarako eta euskal ekonomiaren indarrerako zama bihur daiteke zerga erreformaepe ertain edo luzera».

Forum Europan hitzaldia egin zuen atzo Larrañagak, Bilbon, eta oso kritiko agertu zen erreformaren norabidearekin. «Enpresentzako fiskalitate lehiakorra bultzatzeko aukera galdu dute», ziurtatu zuen, eta honako hau gaineratu: «Jaitsiera bat eskatzen genuen, eta igoera bat aurkitu dugu».

EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak sozietate zergaren tasa nominala bere horretan uztea aurreikusi du. Gaur egun, tasa hori %28 da enpresa handientzat, eta %24 txiki eta ertainentzat. Confebaskek behin eta berriro galdegin du tasa nominal hori murriztea, eta ziurtatu du lau puntuko jaitsiera batek 560 milioiko inbertsioa eta 6.000 lanpostu sortzea eragingo lukeela. Galdutako diru bilketa enplegu berriaren PFEZaren eta BEZaren bidez berreskuratuko litzateke, patronalaren arabera. «Gutxienez» Espainiako tasaren pare jartzea defendatu du: %25.

Sozietate zergaren murrizketa hori modu mailakatuan egiteko aukera ere planteatu zuen Larrañagak, «datozen hiru edo lau urteetan», eta azpimarratu du ekonomiarentzat onuragarria litzatekeela: «Benetan uste dugu halako neurri batek jarduera gehiago, enpresa gehiago sortzen lagunduko lukeela, eta, ondorioz, enplegu handiagoa eta bilketa handiagoa denok eutsi nahi diogun ongizate sistema horretarako». Zeharka, alderdiei leporatu zien ez ulertzea zeintzuk diren enpresen beharrak eta erronkak. «Soldata handiagoak ordaintzea, zerga gehiago pagatzea eta enplegu gehiago sortzea nahi da, dena aldi berean, enpresen marjinak igo gabe, eta hori da krisiak zer eragin duen ez ulertzea», Larrañagaren hitzetan. SEA, Cebek eta Adegi patronalek egindako inkesten arabera, salmenten errentagarritasunak izan duen jaitsiera bihurtu da orain «euskal enpresen lehen kezka».

PPren aukera

Oraindik posible da Confebasken gogoa egia bihurtzea. Izan ere, moldaketa aurrera atera ahal izateko gehiengoa badute EAJk eta PSE-EEk Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Araban, berriz, EH Bilduren edo PPren babesa lortu beharko dute. Kontrako arrazoiak direla medio, bi alderdi horiek eta Elkarrekin Podemosek errefusatu egin dute erreformaren edukia. PPk gaur du egitekoa bere proposamena, eta espero da zergaren tasa nominalaren jaitsiera baldintza gisa jartzea bere botoen alde. EAJ ere prest zegoen bide horretatik joateko, baina PSE-EEren ezezko borobilak asmo hori zapuztu zuen.

Akordio bat lortzeko aukerari buruz baikor mintzatu zen atzo Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, moldaketak «arbuiatzeko zaila k» irudikatzen zaizkiolako. Oposizioko hiru taldeekin negoziatzen ari da Gonzalez, eta «akordiorako tartea» badagoela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.