«Ahalik eta jarduera ekonomiko handienari» eutsi nahi dio Confebaskek, eta «bateragarri» egin nahi du hori langileen osasuna babestearekin. «Lehen erabakia ezin da izan lantegiak ixtea».
Efe berri agentziak eginiko elkarrizketa batean, patronaleko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak adierazi du koronabirusaren krisiaren eragina minimizatzeko beti dela hobea erritmo txikiagoan lan egitea, lan egiteari uztea baino.
Aretxagak azaldu duenez, ospitale batean bezala, produkzio gune batzuk gorde daitezke, baina dena ixtea kaltegarria litzateke. «Jarduera murriztu dezakegu, jarduera jakin batzuk eten ditzakegu, baina ekonomia ezin dugu itxi. Dena kaltetzea eragotzi behar dugu».
Aretxagak azpimarratu du alde handia dagoela «%20,%40 edo %60 lan egitearen eta enpresak ixtearen artean». «Gizarte eragile, eragile sindikal eta gu guztion artean saiatu behar dugu sistema ekonomikoa ez kolapsatzen». Gogoratu du Italian saiatzen ari direla industria jarduerari ahalik eta gehien eusten. Euskal Herrian, berriz, «elkarrizketarako eta akordiorako borondate handiagoaren» falta sumatu dute sindikatuen aldetik.
Confebaskeko buruzagiak gogorarazi duenez, administrazioak «sektore asko» gelditu ditu dagoeneko: besteak beste, hezkuntza, ostalaritza eta merkataritza. Adierazi du hori dela enpleguaren %25 eta BPGaren %20. Horri «gure ekonomiako sektore garrantzitsuena, industriala», gehituz gero kaltea oso handia izango litzatekeela azpimarratu du.
Etor daitekeenari buruz, Aretxagak esan du Confebasken aldi baterako enpleguak erregulatzeko dosier ugari espero dituztela, Espainiako Gobernuak araudiaren aldaketa onartzen duenean hori automatikoki egin ahal izateko. «Hala ere, gure asmoa da ahalik eta enplegu gehien mantentzea», azpimarratu du.