Confebaskeko buruak 11 orduko lanaldia ezarri izana salatu du ELAk

Sindikatuaren arabera, Roberto Larrañagak lanaldi luzeak jarri ditu bere Zikotz enpresan, orduko bost euro ordainduta.ELAk prekaritatearen aurkako kanpaina bat abiatuko du enpresaz enpresa

Jon Fernandez.
2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
ELAk aurpegia jarri nahi die «laneko miseriaren bizkar aberasten diren piratei». Prekaritatearen aurkako kanpaina bat jarriko du martxan enpresaz enpresa, eta, atzo Bilbon egindako aurkezpenean, zuzenean seinalatu zuen Confebask patronaleko burua prekaritatearen erantzuletzat. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren arabera, Roberto Larrañagak 11 orduko lanaldiak ezarri ditu Zikotz eraikuntza enpresan, eta orduko bost euro ordaintzen die langileei. Kanpainaren bidez, langileak horrelako egoeren aurrean kontzientziatzea da sindikatuaren helburuetako bat. «Jendeak eskubidea dauka beldur izateko, baina erakundeok ez».

Muñozen esanetan, Larrañagaren konpainiak obra publikoan lortu du adjudikazioa, eta «azpikontraten katea» sortu du. Muñozek nabarmendu du egoera hori ez dela soilik Larrañagaren enpresan gertatzen, obra publikoen esleipen askotan gertatzen direla horrelakoak, eta Eusko Jaurlaritzak ez duela «ezer egiten». ELAko buruak, gainera, Confebaskekin izandako azken bileran Larrañagak prekaritateari buruz zer esan zien azaldu du: «'Egoera ez da aldatuko; amore eman ezazue', esan zigun, eta guk esan genion ez dugula amore emango».

Datozen hiletan kanpainako kartelak eta esku-orriak banatuko dituzte enpresetan. Zuen etekinak, gure lan miseria da kanpainaren leloa, eta zortzi enpresariren argazkiak erabili dituzte: Florentino Perez (ACS), Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola), Gregorio Billalabeitia (Kutxabank), Josu Jon Imaz (Repsol), Alberto Garcia Erauskin (Euskaltel), Pello Gibelalde (Adegi), Jose Antonio Sarria (CEN) eta Yolanda Barcinarenak (Telefonica).

Kanpainarekin, ELAk ikusgai jarri nahi du botere politiko eta ekonomikoaren apustua enpresen irabazi handien alde egitea dela, «lan prekaritatearen kontura». Sindikatuak prekaritatearen hedapenaz ohartarazi nahi du enpresetan, klase elkartasuna sustatu, eta borroka sindikalaren balioa indartu. Aberastasunaren banaketa eta lanaren duintasuna jarri nahi ditu eztabaidaren erdigunean ELAk.

«Soldata da aberastasuna banatzeko bide nagusia», eta soldata apalek gizartearen pobretze orokorra dakarte, Muñozen iritziz. Hain zuzen, Larrañagak joan den barikuan esan zuen «ahots askok» ez dietela kasurik egiten langabeziaren estatistiken alde onei. Confebaskeko presidentearen esanetan, prekaritatearen eta pobretzearen orokortzea ez da egia, eta nabarmendu zuen inoizko kontratu mugagabe gehien sinatuko dela aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.