Lan merkatua
Corrugados Azpeitia itxi dute, azken 40 langileak kaleratuta
Eguerdiko 13:00etan etxafuegoak botata iragarri zioten langileek herriari Corrugados Azpeitia lantegiaren itxiera. Alfonso Gallardo taldeak atzo goizean eman zien kaleratze agiria azken 40 langileei: «Denok kaleratuta gaude, eta horregatik bota ditugu suziriak», esan zuen Esteban Camposek, enpresa batzordeko kideak. Azpeitiko enpresak 300 langile zituen kaleratzeak hasi aurretik. Gallardo Taldeak uztailaren bukaerarako langile denak kaleratuko zituela iragarri zien langile batzordeko kideei. Baina atzo arte, azken 40 beharginek ez zuten jaso kaleratze gutunik. Erakunde guztiak enpresaren itxieraren aurka «erantzunkizunez» jokatzera deitu ditu langile batzordeak, eta esan du ez duela arrazoirik Eusko Jaurlaritzarekin «esker onekoak» izateko, bilera bat egiteko eskaerari «ez baitio erantzun». Corrugados Lasao lantegiaren egoera ez da samurragoa. Langile batzordeak jakinarazi duenez, bertako 68 langiletik 38 gaur kaleratuko dituzte. Azpeitiko bi lantegiei eragiten dien enplegua erregulatzeko dosierraren gaineko epaiketa urriaren 29an egingo dute Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu