Corrugados Azpeitian greba hasiko dute, kaleratzeen kontra

Jaurlaritzari beste inor ez zutela kaleratuko agindu arren, 60 lagun botatzeko asmoa dutela iragarri diete langileei

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Corrugados Azpeitia enpresako langileek greba egingo dute hilaren 15etik 22ra, zuzendaritzak beste 60 lagun bota nahi dituela salatzeko. ELAko eta LABeko ordezkarien esanetan, zuzendaritzak ahoz jakinarazi die kaleratze asmoen berri. Langileek egoera aztertzeko batzarra egin zuten atzo, eta aldeko 175 botorekin, lanuztera jotzea erabaki zuten—68k bozkatu zuten kontra eta bik baliorik gabeko botoa eman zuten—. Hilaren 22an erabakiko dute grebarekin aurrera jarraituko duten ala ez.

Urtea ehun langileren kaleratzearekin hasi zuten Azpeitiko altzairu fabrikan. Otsailerako, ordea, gehiago etor zitezkeela ohartarazi zuten langileen ordezkariek. Eta denborak arrazoia eman die. «Aspaldi esan genuen», gogorarazi zuten atzo prentsaren aurrean egin zuten agerraldian. Haien esanetan, gainera, zuzendaritzak ez du negoziatzera esertzeko inolako asmorik.

Kaleratze horiek kolokan jarriko lituzkete urtearen hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gallardo taldeari emandako laguntzak. Jaurlaritzak bost milioi euro utzi zizkion maileguan, ordainketak eten beharrik izan ez zezan, 2016ra arte 305 lanpostuei eusteko baldintzarekin. Diputazioak, berriz, 2011. urteari zegozkion zerga ordainketak atzeratzeko eta hurrengo urteetan egiteko aukera eman zion, baldintza bera betetzearen truke. Jendea kaleratzen badu enpresak dirua itzuli egin beharko duela uste dute ELAko eta LABeko ordezkariek. «Nondik?», hori da galdera.

Langileen ordezkariak minduta daude, enpresak jan egin duelako martxoaren hasieran eman zien hitza. Alfonso Gallardo taldeko ordezkari Juan Romerok agindu zien ez zutela beste inor kaleratuko eta instituzioekin egindako hitzarmenei eutsi egingo zietela. Baina ez da hala izan. Eta langileen ordezkariek ez dute ulertzen enpresak zergatik egin duen hori, zergatik jo nahi duen kaleratzeetara. «Lehendik ere pertsonal kostu baxua dugu eta kaleratzeekin ez da ezer konponduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.