Credit Agricole Pyrenees Gascogne bankuak galditu egin du Ipar Kutxaren eta Bankoaren bat egiteko prozesua —Bankoako akziodun nagusia Credit Agricole da—. Azken asteetako finantza merkatuen egoerak okerrera egin duela-eta hartu du erabakia, Balio Merkatuaren Espainiako Batzordeak jakinarazi duenez.
Credit Agricolek ohar batean esan du gaur egungo baldintzak ez direla onenak bat egiteko, eta "nazioarteko finantza testuinguruan ikuseremua hobetu" behar dela esan du. Hiru erakundeek, hala ere, "baldintzek ahalbidetzen dutenean" proiektua berriro aztertzeko asmoa agertu dute.
Ipar Kutxak azaldu du "errespetatu" egiten duela Credit Agricoleren erabakia, baina uste du Bankoaren eta Ipar Kutxaren beraren arteko bat egitea bukatu beharra dagoela —datorren urtarrilaren 1era arteko epea dute—, "kanpoko arrazoiek eraginik" ez dutela izan behar iritzita. "Bat-egite hau epe luzerako estrategikoa da, ondo zihoan, biontzat ona da".
Orain, ordea, egoera berriaren arabera "askatasun osoz" ariko da Ipar Kutxa, bertako zuzendaritzak gaur iragarri duenez. Urteko lehen sei-hilekoan 7,7 milioi euroko irabaziak izan ditu, iaz baino %0,12 etekin handiagoa. 399 langile dauzka, 89 bulego eta 169.000 bezero. Ipar Kutxa, batik bat, Bizkaian eta Araban dago hedatua. Bankoa, Gipuzkoan.