Cementos Lemonako 240 langileak greban dira aspaldian, kaleratzeak eta erretiro aurreratuak proposatzen dituen lana erregulatzeko dosierraren aurka. Portland Valderrivas taldeak, plantaren orain arteko jabeak, Lemoako enpresa saldu duela ezagutzera eman du orain. Irlandako CRH taldeak erosi du Cementos Lemona, talde horrek eraikitzeko gaietako Unilad enpresan zuen parte hartzearen truke (%26,38).
Horrenbestez, Cementos Lemonaren %98,75 izango du CRHk. Halaber, operazioaren barruan sartu dute Valderribas taldeak Erresuma Batuan dituen bi porlan lantegietako bat, Ipswichekoa (Southern Cement); hura ere irlandarren esku geratuko da. Orain artean ez dute argitu Cementos Lemonako langileekin zer gertatuko den, ez saltzaileak, ez erosleak ere.
CRH munduko enpresa sendoenetakoa da bere sektorean. Cementos Lemona bereganatu izanak estrategia jakin bat isla dezakeela diote adituek. Eraikuntza sektorea burua altxatzen hasten denerako ongi kokatuta egotea izan daiteke Irlandako taldearen asmoa. Cementos Lemona 1917an fundatu zuten, eta 2006az geroztik Grupo Cementos Portland Valderribas (CGPV) taldearen barruan dago. Urtero 1,25 milioi tona porlan eta 720.000 tona clinker ekoizteko gaitasuna dauka.
Valderribas taldeak jakinarazi duenez, Cementos Lemonarekin egindako operazioak 100 milioi euroko irabazi gordina ekarriko dio. Ipswicheko salmentak, berriz, 15,5 milioi euroko irabazi garbia eragingo du. Diru hori guztia Valderribas taldeak finantza erakundeekin duen zorra ordaintzeko baliatuko dute, "osotasunean".