Daewook itxiera arrazoitzen ez badu, Jaurlaritzak ez dio onartuko erregulazio eskaera

Hamar egun eman dizkio gizarte plana, industria plana eta lantegiaren egoeraren azterketa aurkezteko

2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Daewook Gasteizko lantegia itxi eta 147 langileak kaleratuko baditu, itxiera hori arrazoitzeko moduko datuak helarazi beharko dizkio Eusko Jaurlaritzari. Hiru txosten eskatu dizkio multinazional korearrari: lehena, itxieraren ondorioak arintzeko eta kalean geratuko diren langileei beste lanposturen bat topatzen laguntzeko gizarte plana; bigarrena, fabrika bideragarri eta lehiakor egiteko inbertsioen inguruko industria plana; eta, hirugarrena, lantegiaren finantza eta ekonomia egoeraren inguruko azterketa. Hamar eguneko epean hiru txosten horiek aurkeztuko ez balitu, bertan behera geratuko litzateke orain egun batzuk egindako erregulazio eskaera.

Hori guztia jakinda, pozik irtenziren langile batzordeko kideak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin atzo goizean egindako bileratik. Jose de Miguel batzordeko presidenteak adierazi zuen Lan eta Industria sailetako ordezkariek arrazoia eman dietela langileei, enpresak fabrikaren itxiera justifikatzeko beharrezko dokumentaziorik aurkeztu ez duela onartuta. Haren arabera, aurkeztu dituen paperak ere ez daude behar bezala sinatuta eta zigilatuta.

Orain, Daewook hamaregun ditu Jaurlaritzak eskatutako dokumentazioa aurkezteko. Momentuz, beraz, ez aurrera eta ez atzera gelditu da erregulazioaren tramitazioa, paperak aurkezten dituen momentuan zabalduko baita 30 laneguneko kontsulta epea.

12 milioitik gorako laguntzak

Gehiagorako ere eman zuen atzoko bilerak. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek azken urteetan Daewook jaso dituen diru laguntza publikoen inguruko informazioa eman zien langile batzordeko kideei, informazio mamitsua inondik ere. Itxura denez, Gasteizen daramatzan 14 urteetan 5,3 milioi euroko laguntzak jaso ditu Jaurlaritzatik eta beste 6,8 milioi eurokoak Europako Batasunetik. Horiei Arabako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuak emandakoak gehitu behar zaizkie, gainera. Enpresak, ordea, laguntza horien truke hartutako konpromisoak ez dituela bete ziurtatu zuen Gustavo Lopez de Armentia Daewooko langileei aholku emateaz arduratzen den ELAko ordezkariak, esate baterako, 400 langile kontratatzea. De Miguelen ustetan, milioika euroko laguntza horiek badira nahikoa arrazoi Jaurlaritzak zorrotz joka dezan eta erregulazioa justifikatzeko arrazoi argiak eska diezazkion.

Administrazioko ordezkariak eta langile batzordekoak bilduta zeuden bitartean, Daewooko dozenaka langilek elkarretaratzea egin zuten Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren kanpoaldean. Datozen egunetan ere mobilizazioekin jarraituko dute erregulazioa atzera bota eta lantegia ez dezatela itxi eskatzeko. Zuzendaritzak, ordea, itxiera saihestezina dela jakinarazi zien herenegun, erregulazioarekin ala hura gabe fabrika itxi egingo duela, ez ei delako bideragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.