Ogasuna

Dagokiona baino gehiago ordaintzen dio Nafarroak estatuari

Ogasunak egindako txosten baten arabera, diferentzia 100 milioi eta 250 milioi artekoa da

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria. IñIGO URIZ
joxerra senar
2016ko urriaren 10a
07:48
Entzun

Espainiako Gobernua osatu gabe egotea zama handi bat bihurtu zaio Nafarroari. Berez, 2015etik 2019ra bitartean Espainiaren eta Nafarroaren arteko finantzaketa harremanak zehazteko negoziazioek lotuta egon beharko lukete, baina, jarduneko gobernua dagoenez, negoziazioak ez dira ofizialki hasi ere egin. Bitartean, Madrilek aurreko bost urteetako luzapen automatikoa aplikatzen dio: iaz, 590 milioi euro; eta, aurten, 613 milioi euro izateko bidean da.

Duela urte eta erdi, Nafarroaren eta estatuaren arteko eskumen partekatuak aztertzeko txosten bat hasi zuen Ogasun Departamentuak, eta iragan udan amaitu zuen. Gaur, Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak lan horren ondorio nagusiak ezagutarazi ditu.

Txosten horren arabera, 2015etik hasita, hurrengo bost urteetarako ekarpenaren oinarria 341 milio eta 494 milioi euro artekoa izango da. Haatik, 2015ean 590 milioi ordaindu bazituen Nafarroak, horrek esan nahi du jada gehiegi ordaintzen ari zaiola estatuari: 100 milioi eta 250 milioi artean.

Egoera baikorrena eta ezkorrena

Bi aldeko negoziazioa denez, aldebakartasunez Nafarroak ezin du zehaztu ekarpenaren oinarrirako kopuru bakar bat, eta horregatik da hain handia aldea. 1990eko Hitzarmen Ekonomikoaren arabera, Nafarroak bere gain hartu gabeko eskumenetatik ordaintzen dio Espainiako Estatuko aurrekontu orokorren %1,6a: hau da, Nafarroako ekonomiak Espainiako barne produktu gordinean duen pisua.

Nafarroak eta estatuak zeinek bere gain hartzen dituen eskumenak aztertu ditu lanak. Alta, ondoren badira biek elkarrekin banatzen dituzten hainbat diru sail, eta, portzentajearen arabera, ekarpenaren kalkulua Nafarroaren alde edo kontra atera daiteke. Hala, egoera baikorrenaren arabera, Nafarroak 341 milioi ordaindu behar lizkioke 2015ean, eta, ezkorrenaren arabera, 494 milioi.

Aranburuk esan duenez, espero du abendu amaierarako lotzea Espainiako Gobernuarekin 2015 eta 2019 arteko ekarpenaren akordioa. Kontseilariaren ustez, hurrengo asteetan Espainiako blokeo politikoa bideratu liteke, eta, behin gobernua osatuta, akordio hori lortzeak ez du zergatik atzeratu. "Kopuruaren arabera, 2015ean ordaindutako 590 milioi euroak erregularizatu beharko dira". Gauza bera gertatzen da aurtengo ordainketarekin: orain arte, 460 milioi euro pagatu dira, eta azken ordainketa egitea falta da. Alta, akordioa lortuko balitz, kopuru hori egokitu egin beharko litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.