Txikikazko salmentek, dendek eta jatetxeek egindakoak, alegia, %1,1 egin zuten behera martxotik otsailera. Aldaketa txikia izan arren, ezustekoa izan da, urtarrilean eta otsailean gorantz egin zutelako salmentek, eta, hortaz, herritarren kontsumoak. Etxeko tresnen eta aparailu elektronikoen (-%5,9), autoen (-%3) eta arropen (-%1,8) salmenta gutxitu da gehien: osasunarekin lotutako gastuak (%0,4) eta janariak eta edariak (%0,5) baizik ez dira igo.
Beste ezusteko txarra Ekoizlearen Prezioen Indizeak eman zuen, azken hilean joera hautsi eta %1,2 jaitsi baitzen otsailarekin alderatuz.
Datu txar horiek iradokitzen dutenaren oso bestelako mezua zabaldu zuen ordu gutxi batzuk geroago Obamak, Georgetown Unibertsitatean kargua hartu zuenetik arlo ekonomikoan hartu dituen neurriei buruz errepasoa egiten ari zela. Baikor azaldu zen AEBetako presidentea: «Ez dago zalantzarik oraindik garai txarrean gaudela. Inondik inora ez dira estuasunak amaitu. Baina, lehen aldiz, itxaropenerako zantzuak ikusten ari gara». Zantzuak zantzu, pilula mingotsak irentsi beharko direla onartu zuen, ordea. «2009 oso urte zaila izango da AEBetako ekonomiarentzat. Enplegu gehiago galduko dira, hipoteka gehiago exekutatu beharko dira, eta [krisia] bukatu aurretik min handiagoa izango da».
Presidenteak esandakoa berretsi nahi izan zuen Bernankek Atlantako unibertsitatean ere, hitz nahasiagoekin: «Jarduera ekonomikoaren amiltzea agian geratzen ari den zantzuak daude». Etxebizitzen salmenta eta eraikuntza, kontsumitzaileen gastua eta autoen salmenta aipatu zituen Bernankek.
Obamak, bere aldetik, nabarmendu zuen ekonomia suspertzeko bere Gobernuak onartutako 787.000 milioi dolarreko plana funtzionatzen ari dela. «Gure planari esker, eskolek eta poliziek kaleratzeak bertan behera utzi dituzte. Energia garbian aritzen diren konpainiak eta eraikuntzak berriro kontratatzen ari dira, energia aurrezten duten leihoak egiteko, edo errepide berriak eraikitzeko. Historikoki txikiak diren interes tasei esker, etxebizitzen erosketa berriro finantzatzen ari dira herritar asko, eta hori zuen patriketan 2.000 dolar sartzea bezala da».
Obamak ziurtatu zuenez, autoen erosketa eta ikasketak finantzatzeko programak mailegu horien merkatua martxan jarri du berriro, eta negozio txikiek, «lehen aldiz azken hilabeteotan», mailegu gehiago jaso dituzte.
Gobernuaren esku-hartzea egokia dela defendatu zuen Obamak, eta bankuak ez nazionalizatzeagatik motz geratu dela diotenei erantzun zien, esanez, halako neurri batek kostu handiagoak ekarriko dizkiela herritarrei.
AEBetako presidenteak oso gogor salatu zuen aurreko administrazioaren jokaera, eta krisiaren arrazoietako bat «Washingtongo estamentu politikoaren ahultasuna» dela ziurtatu zuen.
Goldman Sachsen emaitza onak bultzadaeman die bankuei Europako burtsetan
Baikortasunaren eta ezkortasunaren arteko lehia estu horretan, lehenengoaren alde egin dute burtsek. Balio merkatuek gora egin dute nabarmen martxoaren hasieran hondoa jo zutenetik: Madrilgo Ibexek %27,4 irabazi du martxoaren 9az geroztik, %24,2 Eurostoxxek eta %18 Parisko CAC-40k.Atzo goranzko joerari eutsi zioten burtsek, Europan behintzat. Goldman Sachs bankuak bezperan iragarritako irabazi handiek finantza krisiaren okerrena igaro dela sinestarazi zien inbertsiogileei, eta bankuen aldeko apostu handia egin zuten: finantza sektoreko balioak %5 igo ziren batez beste, eta %1,37 Eurostoxx50 indizea. Suitzako UBSk %15,4 egin zuen gora, eta haren atzetik joan ziren Barclays (+%10,1), BNP Paribas (+%8,9), BBVA (+%6), Société Générale (+%4,8) eta Deutsche Bank (+%4,7).