Arabaren azken zalantzak uxatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek akordio bat lortu dute defizit gehigarriaren dirua banatzeko moduari buruz. Datorren astelehenean egingo dute ofizial, Finantzen Euskal Kontseiluko ezohiko bilera batean.
Espainiako Gobernuak erkidegoen defizitaren muga igo izanak diru gehiago gastatzeko aukera eman die euskal administrazioei. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, 330 milioi gehiago gastatu ahal izateak dakar gehienezko defizita %0,7tik %1,2ra igotzeko aukerak. Diru hori zorpetzearen bidez eskuratuko dute.
Muga berria jakin aurretik ere, maiatzean, Jaurlaritzak eta diputazioek hitzartu zuten defizitaren zati bat haien artean banatuko zutela, eta ekonomiari bultzada emateko neurrietarako baliatuko zutela. Azkenean, 180 milioi bideratuko dituzte Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Planera. Diru hori proportzionalki jarriko dute —%70 Jaurlaritzak eta %30 diputazioak— eta banatu ere proportzionalki banatuko dute, lurralde bakoitzak ekonomian duen pisuaren arabera.
Horrela, Bizkaiak 90 milioi gehiago izango ditu gastatzeko. Horietatik 63 milioi Jaurlaritzak kudeatuko ditu, eta gainontzeko 27 milioiak, berriz, aldundiak. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak herenegun zehaztu zuenez, bere zatiaren parterik handiena metroaren hirugarren lerroa (Matiko-Etxebarri) eraikitzeko erabiliko dute. Zamudioko parke teknologikoaren hedapenak, enpresa zentro berriek eta obra hidraulikoek hartuko dute beste zati bat.
Gipuzkoako Aldundiak, berriz, iragarri du bere esku geratuko diren 18 milioi euroekin «ahalik eta herri gehienetan» inbertsioak egingo dituela. Kultur eta kirol ekipamenduek hartuko dute zati bat, errepideak beste bat, eta dirua izango da lan hidraulikoetarako edo ingurumenaren aldeko beste obra batzuetarako. Jaurlaritzak 42 milioi inbertituko ditu Gipuzkoan.
Arabara, berriz, 30 milioi euro iritsiko dira: 21 milioi Jaurlaritzak jarriko ditu eta bederatzi, berriz, Aldundiak. Gaur azaldu duenez, suteak itzaltzeko eta salbamendu operazioak egiteko unitate bat eraiki nahi dute horrekin, hainbat errepide hobetu eta estoldak berritu Arabako Errioxan.